Nerea Gomez, aktorea: “La Nere antiheroia da, gizajoa, baina ez du ilusiorik galtzen”

Nerea Gomez, aktorea: “La Nere antiheroia da, gizajoa, baina ez du ilusiorik galtzen”
2018/12/14 eta kitto!
Nerea Gomezen aktore izateko nahiak Madrilera eraman zuen eta bere gogoa asetzen ari da eszenatoki gainean. Azaroaren 2an Iker Vesga eibartarrak sortutako Dando el cante antzezlana estreinatu zuen La Escalera de Jacob antzokian eta publikoaren harrera ezin hobea izan du. Nerea Gomez La Nere da monologo honetan eta denetarik egiten du (antzeztu, abestu...). Umorerik ez da falta. Momentuz Madrilen bakarrik ikusi ahal izango dugu ikuskizuna, baina Gomezek gustora antzeztuko luke bere jaioterrian.

 

- Orain dela hilabete estreinatu zenuten Dando el cante. Zer moduz joan da lehen hilabetea?

Bikain! Gutxienez urtarrilera arte egongo da ikusgai La Escalera de Jacob antzokian. Oso gustora gabiltza ikuskizun honekin eta, publikoaren harrera ikusita, ezin gara kexatu.

- Nolako ikuskizuna da?

La Nere da komedia musikal honen pertsonaia nagusia eta bere abenturak kontatzen dira bertan. Bere bizitzako helburu nagusia abeslaria izatea da, musikari profesionala izatea, eta musikaren mundu konplikatuan bizi duen bidaia kontatzen dugu bertan. Txikitan gitarra jotzen ikasten du mojekin eta hazten doan heinean denetariko ezbeharrak gertatzen zaizkio. Operación Triunfo saioaren castingera aurkezten da, baina ez dute hautatzen. Hala ere, ez du etsitzen eta bere helburua lortu arte ekiten du.

- Nahiz eta ezbehar eta oztopoz beteriko ibilbidea kontatu, umorea da nagusi?

La Nere antiheroia da, gizajoa, baina gertatzen zaiona gertatzen zaiola ez du ilusiorik galtzen eta borrokan jarraitzen du. Positiboa da eta, zerbait gaizki irteten bazaio, beste bide batetik ekiten du. Bizitzaren ikuspegi oso berezia duen pertsonaia da. Oso pentsaera ezberdina dauka eta estoizidade handiz jasotzen ditu kolpe guztiak. Guzti hau umore kutsua duten abestiekin nahasten dugu ikuskizunean.

- Pertsonaiak La Nere izena edukiz, kutsu autobiografikoa dauka ikuskizunak?

Pasarte autobiografikoak dituen monologoa da. Berari gertatzen zaizkion gauza batzuk niri gertatu zaizkit bizitza errealean, baina muturrera eraman ditugu, fikziora. Pailazokeriak dira nagusi, baina emakumearen irudia aldarrikatzen dugu, batez ere gizartearen konbentzioetatik kanpo dagoen emakumearena. Hau da, gizarteak markatutako edertasun kanonetatik kanpo dagoen emakumearena, adin batetik gora dagoena, eta abar.

- Zer moduz moldatzen zara bakar-bakarrik eszenatoki gainean?

Oso gogorra da, baina oso atsegingarria. Monologo bat egiten dudan lehen aldia da eta urduritasun-eszenikoak beldur-eszeniko bihurtzen dira. Dena den, gozamena da. Ikuskizun hau oso erronka pertsonala da, orain dela denbora asko neukan hau egiteko gogoa eta gozamena da gauzatu ahal izatea, behingoz.

- Iker Vesga eibartarra da ikuskizunaren egilea. Gustora sentitzen zara herrikide baten lana antzezten?

Nerabezarotik ezagutzen dut Iker, Narruzko Zezenen genbiltzanetik. Talentu handiko gizona da eta idazteko dohain zoragarria dauka. Urteak neraman monologoaren testua idazteko konbentzitzen eta azkenean lortu nuen. Gozamenezko testua da, opari bat.

- Noiztik zaude Madrilen?

18 urte daramatzat hemen. Eibarren ikasketak amaitu eta gero ez nuen lanik aurkitzen eta, Madrilen lagun batzuk nituenez, lan bila etorri nintzen. Antzerkia ere ikasi nahi nuen eta, lana aurkitu ondoren, antzezpen-eskola batean hasi nintzen.

- Ikuskizun arrakastatsuan ari zara lanean orain, baina nolakoa izan da bidea horra iritsi arte?

Oso bide zaila izan da eta ikuskizunak hori islatzen du. Lanbide artistikoak iraupen-lasterketak bezalakoak dira eta gogorra da. Beste lanbide batzuk eduki behar dituzu hilabete amaierara iristeko, ilusio eta energia asko inbertitu behar duzu, eta kasu askotan autoekoizpenera jo behar duzu. Gero, eszenatoki gainera igotzen zara eta merezi izaten du.