Nerea Gorriti (aktorea): “Betidanik parte hartu nahi izan dut Eibarko Antzerki Jardunaldietan”

Nerea Gorriti (aktorea): “Betidanik parte hartu nahi izan dut Eibarko Antzerki Jardunaldietan”
2020/03/03 eta kitto!
Nerea Gorriti aktore eibartarra Coliseo antzokian izango dugu  bihar eta etzi, martxoaren 4an eta 5ean, Vaiven Producciones taldeak  Eibarko Antzerki Jardunaldien barruan taularatuko duen “Ni, munduko txarrena / Yo, la peor del mundo” antzezlaneko kide bezala. Ez da Coliseo antzokian egongo den lehen aldia (Go!azen-ekin ikusteko aukera izen genuen), baina ilusio handiz eta erronka moduan hartzen du Antzerki Jardunaldien egitarauaren barruan bere herriko antzokian jarduteak. Aktore lanetan ez ezik abesten eta dantzan ere ikusiko dugu.  Labetik irten berria den lan honetan musika, umorea, medodrama, erromantizismoa, tragedia… denetik apurtxo bat batzen da, eta ikusleak oso ondo pasatuko duela dio Nereak.

- “Ni, munduko txarrena / Yo, la peor del mundo” Vaiven-en lan berriarekin etorriko zara datorren astean Eibarrera. Nola doaz gauzak?
Hiru hilabete daramatzagu entsaioetan eta oso prozesu polita izan da. Aurrestreinaldi bat egin genuen Urnietan, eta estreinaldi ofiziala joan den asteburuan egin dugu Donostiako Antzoki Zaharrean. Vaiven-ekin egiten dudan lehen lana da eta oso gustora nago. Oso lan polita da, gaurkotasun handikoa. Danetik dauka, eta hori da emanaldiak daukan gauzarik onena. Denok dantzatu eta abesten dugu. Umorea dago, oso bitalista da, emozioa, maitasuna… Merezi du ikustea. Gainera oso euskara polita eta aberatsa dauka. Ahalik eta jende gehien etortzea espero dut.

- Klasiko batetan oinarrituta, gaurkotasun handia duen lana da. Nor izan zen Sor Juana de la Cruz eta zer kontatzen da?
Sor Juana de la Cruzen bizitzatik abiatuta, gaurko ikuspuntua ematen zaio. Gauza eta pertsona guztiei aurre egin zien emakume baten bizitza kontatzen da. Sor Juana de la Cruz euskal-mexikar poeta eta prosista izan zen, eta bere olerkietan bere garaietara (XVII. mendea) –eta geure garaietara– aurreratuta zegoen emakumea izan zela ikusten da. Musikak pisu handia du –Iñaki Salvadorren bederatzi abesti daude–, testua Antonio Muñoz de Mesarena da, koreografia  Maitane Zalduegirena… kalitate handiko lana da. Eta bi bertsio egingo ditugu, euskerazkoa martxoaren 4an, eta gaztelerazkoa hurrengo egunean.

- Jardunaldietan lehen aldiz jardungo duzu. Zeure ametsa bete dela esan daiteke?
Demaseko ilusioa egiten dit Jardunaldietan parte hartzeak. Beti pentsatu dut: “behin edo behin jardunaldietan egongo naiz…”, eta heldu da eguna. Zortea da horrelako jardunaldiak edukitzea eta hilabete pasatxoz Euskal Herritik eta Espainia osotik datozen emanaldiak Eibarren edukitzea.

- Zure papera zein izango den aurreratu dezakezu?
Larregi aurreratu gabe, Sor Juanaren kontzientzia, narratzailea… “Pepito grillo” antzeko bat naiz. Denbora guztian hor egongo den “Inor ez/Nadie” izeneko pertsonaia izango naiz, eta obra pasatu ahala ikusten joango da zein den pertsonaia hori.

Vaiven-1

Vaiven-2

Vaiven-3

Vaiven-5