Nerea Mazo, aktorea: “Publikoak eskatzen duenari adi egon behar zara eszenatokian”

Nerea Mazo, aktorea: “Publikoak eskatzen duenari adi egon behar zara eszenatokian”
2021/02/26 eta kitto!
Go!azen’ telesailean elkarrekin ibili ziren Miren Arrieta eta Nerea Mazo bizitza aldatuko dien bidaian bilduko dira oraingoan. ‘Ameriketako bidaia’ antzezlanak Maria eta Joneren istorioa kontatzen du eta martitzenean ikusi ahal izango dugu, 19:00etan, Coliseoan.

 

‘Atzezlanean nolako bidaia egiten du zure pertsonaiak, Jonek?

Jone demaseko ilusioarekin doa AEBra, hango esperientzia bizitzeko gogoarekin. Nahiko inozentea da eta AEB pelikuletan nola irudikatzen duten gustatzen zaio. Pozik heltzen da hara, baina hango bizitza oso ezberdina dela konturatzen da eta bere ametsa erortzen da. Dokumentazioa galtzen du, deportatu egiten dute eta esperientzia gogorra bizi du.

 

Mariak, ostera, justu kontrakoa bizi du, ezta?

Bai. Bera erdi behartuta doa hara, ez zaio ingelesa gustatzen, ezta estatubatuarrak ere, baina esperientziak erakusten dio denetariko jendea bizi dela AEBn eta jende jatorra ere badagoela.

 

Beraz, aurreiritziak apurtzen ditu antzezlanak?

Guztiz. Pertsonaia biek oso ikasketa interesgarria egiten dute eta etxetik irtetea zein garrantzitsua den ikusten dute, eskemak apurtzeko eta burua zabaltzeko.

61442107--624x431

 

Nolako lana egin duzue Miren Arrieta eta biok antzezlanaren pisu guztia eramateko?

Mirenekin ‘Go!azen’ telesailean ibili naiz eta oso esperientzia polita da antzezlana lagun batekin egitea. Niretzat lehen aldia izan da eszenatoki gainean eta asko lagundu dit. Mireia Gabilondo zuzendaria ere aurretik ezagutzen nuen eta familia giroan egin dugu lan.

 

Antzezlanaren sortzailea ere, Patxo Telleria, ezaguna duzu, berarekin lan egin baituzu aurretik. Gustora moldatzen zara berarekin?

Oso gustora! Patxo txikitatik ezagutzen dut, aitaren (Aitor Mazo aktorearen) oso laguna izan delako. Bere gidoiarekin lana egiteak ilusio berezia egiten dit.

 

Alde handia dago telesailetatik edo zinetik antzerkira?

Bai, gauza batek ez du bestearekin zerikusirik. Antzerki baterako hainbat hilabetez egon behar zara entseatzen, oholtza gainera igotzen zaren momentuan dena ondo irteteko. Telesail edo pelikula bat grabatzerakoan, ostera, eszena bakoitza errepikatu egin dezakezu. Antzerkiko lana fisikoagoa da, neketsuagoa, baina publikoarekin sortzen den harremana zuzenean bizi duzu eta hori guztia sentitzeak inpresioa ematen du. Saio bakoitza ezberdina da, antzokiaren arabera aldatzen delarik. Ez daude bi funtzio berdin. Publikoak beti ez du harrera bera egiten. Batzuek puntu batetan egiten dute barre eta beste batzuek beste puntu batetan. Publikoak eskatzen duenari adi egon behar zara.

61811893--624x390

 

Gaztea izanik, hainbat lan egin dituzu aktore moduan. Betidanik erakarri dizu mundu horrek?

Aktore izateko nahia beti izan dut, berezkoa dut. Txikitan aitari esaten nion: “badago niretzat paperen bat? Nik hau edo bestea egin nahi dut”. Gurasoek beti eman didate babesa, baina eurek badakite aktoreen mundua nolakoa den eta beste zerbait ikasteko ere animatu naute. Beraz, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi dut.

galdakao-azoka-2017-goazen-sinadura-15