[EIBAR ETA INGURUKO MUSEOAK] Nondik gatozen kontatzen diguten museo bizi-biziak

[EIBAR ETA INGURUKO MUSEOAK] Nondik gatozen kontatzen diguten museo bizi-biziak
2021/07/14 eta kitto!
Txikiak ginenean “museo” berba toki estatiko eta aspergarriarekin lotzen genuen sarritan, baina gaur egungo museoek ez dute bat ere zerikusirik lehengo kontzeptu horrekin: gure iragana kontatzen diguten gune bizi-biziak dira, gure historiara gerturatzeko toki ezin aproposagoak eta, gainera, oso modu arin eta interaktiboan gauza asko ikasteko pentsatuta daude. Horren adibide dira Eibarko Armagintzaren Museoa, Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa, Elgoibarko Makina Erremintaren Museoa eta Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa.

Portalea eraikinaren 5. pisuan dagoen Eibarko Armagintzaren Museoak, izenak berak dioen moduan, oraindik ere gure herriaren ikurra den armagintzari eskainitako erakusketa zabala ikusteko aukera ematen digu urte osoan: XVI. mendeko lehenbiziko armekin hasita, gaur egunera arte Eibarren egindako armen bilduma ikusgarria dauka eta, horrekin batera, arma horien fabrikazio-prozesua nolakoa zen, nola apaintzen zituzten eta beste gauza asko ikasteko aukera ematen du.

Baina armak baino askoz ere gauza gehiago dauzka museoak: Eibarko lantegietan egindako produktu ugari ere ikus daitezke bertan, erakusketak betetzen dituen 1.000 metro koadroetan: bizikletak, motoak, josteko makinak... Alfa, Lambretta, G.A.C., Orbea, B.H., El Casco, Ezpela, Jata, Solac eta beste tailer batzuetatik irten eta mundu osoan zehar zabaldu ziren piezak. Izan ere, museo honen helburu nagusia “arma-tradizio handiko herri baten memoria historikoa eta industria-patrimonioa gordetzea eta zabaltzea eta bisitariari XIV. mendetik gaur egunera arteko Eibarko industria-historiaren bilakaeratik ibilbidea eskaintzea” da eta eskaintza helburu hori betetzera bideratuta dago: taldekako zein bakarkako bisitak eskaintzen ditu, audiogidak… Erretserbak egiteko eta bestelako informazioa ikusteko www.armia-eibar.eus webgunean begiratu daiteke.

Eibarko museoa 2 Eibarko Armagintzaren Museoa

Eta Eibarren bertan badago gure herriaren historian garrantzi handia duen gertakaria hobeto ulertzeko lagungarria den bigarren museo bat: Arrateko aterpetxean dagoen Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa. Oroimenerako gune hau Akondiara, Kalamuara, Urkora edota ingurura hurbiltzen diren bisitarien harrera leku eta abiapuntua da eta Gerra Zibilaren frontea 7 hilabetez bertan egon zenean, Eibar inguratzen duten mendietan zer gertatu zen ezagutzeko aukera ematen dio bisitariari. Interpretazio Zentroan honako hauek ikus daitezke: gerra sasoian hiria eta inguruak nolakoak ziren erakusten duen maketa, gerran aritu ziren bando desberdinen uniformeak, borroka-zonan erabilitako gerra-materiala, Gerra Zibilaren gordintasuna Eibarren bizi izan zutenen lekukotzak jasotzen dituen ikus-entzunezkoa, garai hartako propaganda kartelak ... Eta zentroa bisitatu ondoren, Euskadin Gerra Zibilak izandako gerrako fronterik latzena izan zena bertatik bertara ezagutzeko aukera dago, asmo horrekin prestatutako ibilbideei esker. Informazio gehiago www.gerrazibilaeibarren.eus helbidean dago eskuragarri.

Gerra zibila interpretazio zentroa Arrateko Interpretazio Zentroa

 

Elgoibarren dagoen Makina Erremintaren Museoan museo industrialaren kontzeptu berri bat eskaintzen dute: “Museo bizia da eta, bertan, gure aitzindariek egindako makina-erreminta adierazgarrienak daude: tornu paraleloak, fresatzaileak, zulagailuak, arrabotak... Horiek guztiak martxan daude, eta XIX.mende erdialdeko gure eskualdeko mekanizazio-tailer bateko giroa zintzoki erreproduzitzen dute”.

Makina-erremintaren sektorearen jatorria ezagutzera emateko bisita gidatuak eskaintzen ditu  museoak eta, Bea Ansola bertako arduradunak azaldu digunez, azkenaldian arreta berezia ipini dute ikastetxeetan, “haurrei asko gustatzen zaie, gauzak ikutzeko aukera daukate… Gure arbasoen bizimodua eta lana nolakoak ziren transmititzeko aukera bikaina”. Museoari buruzko informazio guztia ikusteko eta erreserbak egiteko: https://museoa.eus/.

makina errremibta Makina Erremintaren Museoa

Irteerak lurrun trenean
Burdinbidearen Euskal Museoak Europako trenbide bildumarik hoberenetariko bat dauka: lurrun, diesel eta elektrikoak diren lokomotorak, automotoreak eta bagoi mota desberdinak. Eta, horrez gain, Euskadiko makina-erreminta multzo osoenetakoa eskaintzen du, Urolako Trenbidearen tailer mekanikoa izandakoaren bitartez: “Instalazio hau 1925ean inauguratu zenean bezala dago, txirrika, uhal eta lokaztu sistema konplexu baten bidez 16 makina funtzionarazten dituen antzinako motor elektriko batekin”. Eta benetan arrakastatsua den beste jarduera bat eskaintzen dute: lurrun-trenean irteerak egin daitezke asteburuoro. Zapatuetan 12:00etan eta 17:30ean irteten da trena eta domeketan 12:00etan. Erreserbak egiteko eta informazio guztia kontsultatzeko Internetera jo dezakezue (https://museoa.euskotren.eus).

lurrun trena Burdinbidearen Euskal Museoa

 

Nautilus Interpretazio Geologiko museoa Mutrikun


Nautiliusen material fosil bikainak erakusten dira, guztiak Mutrikuko flysch beltzean jasoak. Jesús M. Narvaez Amasorrain eta Esperanza Azkarraga senar-emazteen bildumaren parte dira. Izan ere, bikote horrek 40 urte eman ditu etengabe lanean, eta mundu mailako garrantzia duen paleontologia bilduma osatu du. Mutrikuko Udalarekin duen hitzarmen baten bidez Nautilus Mutrikuko Ikasgune Geologikoan ikus daiteke.
Nautilus Zentroa Euskal Kostaldeko Geoparkeak duen museotariko bat da, Euskal Kostaldeko Museoen Sarean sartuta dagoena.

Ordutegiak
Nahiz eta Nautilus Mutrikuko Ikasgune Geologikoak ez dituen era jarraian irekitzen ateak, astebukaeretan eta urteko sasoirik esanguratsuenetan zabalik egon ohi da. Hala ere, itxita dagoen edozein momentutan bisita gidatuen bidez sartu daiteke.

Bisita gidatuak
Irekiera ordutegiaren barruan barne-bisita gidatua egiteko aukera dago; haien webgunean aipatzen den orduetan eta iraupena ordubetekoa izaten da.
Horrez gain, urte guztian zehar, Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatutako bisita gidatuen baitan, “Nautilus, Flysch-eko Fosilak” bisita egin daiteke, zeinetan, Nautilus zentroa ikusteaz gain, itsas irteera bat egiten den fosilak  aurkitu diren itsaslabarrak ezagutzeko. Informazio gehiago, datak eta erreserbak www.geoparkea.eus webgunean aurkitu daiteke.

Nautilus Mutriku Nautilus Interpretazio Geologiko museoa