Odisea, hamar urteko bidaia fantastikoa

Odisea, hamar urteko bidaia fantastikoa
2022/02/28 17:39
eta kitto!
Barixaku arratsaldea da eta giro goibela dago herrian, euritsua. Momentu aproposa rol edo mahai-jokoetan aritzeko. Odisea elkartekoek ondo dakite zer den hori eta eurekin elkartu gara Barrena kalean duten egoitzan. Fernando de la Torrek, Mikel Feijook, Gurutz Rodriguezek, Raul Santosek eta Ibai Alonsok beso zabalik hartu gaituzte, eta euren pasioaz jardun dugu euria baretu artean.

 



 

Odisea elkartea 2012an sortu zen mahai-jokoak, rol-jokoak, wargameak (gerra-jokoak), estrategia-jokoak, karta-jokoak eta antzeko jokoak herrian hedatzeko asmoz. Eta, moduren batean, helburua lortu dutela esan daiteke. “Azken urteetan mahai, rol eta bestelako jokoen mundua asko hedatu da gizartean, gero eta gehiago ikusten dira”, esan digu Mikel Feijoo Odisea elkarteko presidenteak.

Hazten zegoen mundua zen, baina pandemiak erabateko bultzada eman dio. “Ni, adibidez, iaz egin nintzen bazkide. Izan ere, dena erdi itxita zegoenez eta ia ezin ginenez etxetik irten, hemen lagunak nituen eta izena ematera animatu nintzen. Horrela, zerbait ezberdina egiteko aukera izan nuen”, kontatu digu Ibai Alonsok.

Gurutz Rodriguezek, ostera, beste faktore bat azpimarratzen du: “Jendea etxeetan elkartu da lagunekin edo familiarekin, eta ohiko jokoekin aspertuta (partxisa, oka-jokoa…), beste joko batzuk probatu dituzte”. Ohiko jokoak atzean geratu dira mahai-joko berrien aurrean, baina ohiko joko horiek oinarri hartuta joko interesgarriak garatu dituzte ere. “Adibidez, Jumanji izeneko jokoak oka-jokoaren antza du, baina Jumanji pelikularekin uztartuz eta pizgarri berriak eskainiz”, Raul Santosek dioenez.

 

Odisea elkartea17-2

 

Jokatzearen gozamena

Jokoak dira eta, ondorioz, lehia dago, baina Odiseako lagunek diote irabazteak edo galtzeak ez duela berebiziko garrantzirik. “Jokatzerako orduan esperientzia ona edukitzea da garrantzitsuena”, Fernando de la Torreren iritziz. “Partida luzeak direnean, bidean bizi izandako guztia kontuan hartuta, berdin da nork irabazten edo galtzen duen”, dio Santosek.

Lehia garrantzitsua ez bada ere, Odisean lehiaketak antolatzen dituzte. “Joan den asteburuan, adibidez, Infinity jokoaren txapelketa egin genuen gure lokalean”, diosku Feijook. Gainera, elkartea bera eta bertan dituzten jokoak herrira zabaltzeko asmoz, ludoteka jartzen dute Untzagan San Juan jaietan. Azken bi urteotan ezin izan dira jaietan egon, baina, gauzak ondo, aurten bai eta, gainera, elkarteak hamar urte betetzen dituenez, udazkenean zerbait berezia antolatzeko asmoa dute.

Euren lokalean jokatzeaz gain, Odiseakoek beste herrietako lehiaketa batzuetan ere hartzen dute parte. Izan ere, Odisea ez da mota honetako elkarte bakarra Euskal Herrian eta mahai-jokoek toki ezberdinetako jendea ezagutzeko aukera eman die. “Hiriburuetan elkarteak daude, baita Bergaran ere”, batzuk aipatzearren. Horrela, toki ezberdinetan antolatzen diren lehiaketetara joaten dira eta atzerrira joateko aukera ere izan dute. De la Torre berak Stars Wars: X-Wing Miniatures jokoaren inguruko Jakku Opena irabazi zuen Frantzian eta mundiala jokatzeko aukera izan zuen Minnesotan (AEB). “Odisea bezalako elkarteak nahiko arraroak dira hemen inguruan, baina Europa mailan demaseko mugimendua dago”, zehaztu digu De la Torrek.

Jokoak, gainera, ez dira denbora-pasa soila. “Enpresetan asko erabiltzen dira, batez ere langileak hautatzeko orduan. Jokatzen dugun moduak asko esaten du pertsona bakoitzaren inguruan”, diosku azken honek.

Antzeko zerbait gertatzen da zenbait jokotan erabiltzen diren miniaturekin. “Batzuek asko zaintzen dute miniaturak nola egin edo margotu, xehetasun txikienari ere garrantzia emanez. Beste batzuek, ostera, ez dira gehiegi konplikatzen. Edonola ere, miniaturek asko esaten dute pertsona baten inguruan eta esan daiteke miniaturei gure izaera ematen diegula”, diosku Rodriguezek. Esan digunez, berak asko zaintzen du arlo hori.

 

Odisea elkartea22-2

 

 

Mila mundu Odisea barruan

Odiseak Portalean izan zuen lehen egoitza. “Gela batzuk alokatzen genituen eta barixakuetan eta domeketan jokatzera joaten ginen”, gogoratzen du Feijook. Ahoz ahokoak ondo funtzionatu zuen eta gero eta lagun gehiagok eman zuen izena elkartean. 2017an Barrena kalean lokal bat hartu eta txukundu zuten, zenbait mahai jarriz, ludoteka osatuz eta beira-arasa batzuetan bazkideek sortu eta ondo zaindutako miniaturak jarriz, besteak beste.

Lokalean sartu eta eskuinetara tailer moduko bat ikusi daiteke eta, bertan, zenbait jokotan aritzeko beharrezkoak diren miniaturak sortzen eta margotzen dituzte. Artisau lana da eurena eta pieza ikusgarriak sortzen dituzte.

Mahai handiak dituzte lokalean, tokia behar baita joko batzuetan aritzeko. Star Wars pelikularen figurak ikusi ditzakegu mahai batean, Magic kartak beste batean eta Warhammer 40K jokoan aritzeko prestatu duten mahai bat. Warhammer 40K bogan dagoen jokoa da eta aipatutako miniaturak behar dira hortan jokatzeko.

Horrek adibide batzuk besterik ez dira, kolore, ezaugarri, irudi, istorio, jokatzeko modu eta estiloko joko ezberdinak aurkitu daitezkeelako Odisean. Eta, bestela, norberak eraman ditzake etxetik. “Eurogameak, wargameak, Catan, Aristeia, Nemesis…”, aipatzen dituzte, baina zerrenda ia amaigabea da.

Gaur egun 25 bazkide ditu Odiseak, adin-tarte zabala hartuz. Gainera, bazkide batzuek seme-alabak dituzte eta eurentzat garrantzitsua da belaunaldi ezberdinen arteko jokoa sustatzea. Horregatik, Odisearen ludotekan mota askotako jokoak aurkitu ditzakegu, bazkideen eta eurekin joaten diren lagunen nahiak asetzeko adina. “Joko hauek duten gauza ona da pertsona bat baino gehiago behar dela jokatzeko eta, ondorioz, sozializatzen eta besteekin partekatzen laguntzen duela”, diosku presidenteak.

Hau irakurri ondoren jokatzeko gogoarekin geratu bazarete, Odiseako ateak edonorentzat daude zabalik eta odiseaasociacion@gmail.com helbidera idatzita edo sare sozialen bitartez jarri zaitezkete harremanetan elkartearekin.

Odisea elkartea26-2 Odisea elkartea38-2 Odisea elkartea29-2