Oskarbi taldea Coliseo antzokira bueltatuko da zapatuan 54 urteren ostean

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
Oskarbi taldea Coliseo antzokira bueltatuko da zapatuan 54 urteren ostean
ETA KITTO 2022, Eka 16

Euskal kantak maite ditugunok  hitzordu berezia daukagu asteburu honetan Eibarren; izan ere, OSKARBI talde ezaguna Coliseo antzokiko eszenatokira bueltatuko da 54 urte ondoren. Eurekin batera Sostoa abesbatza izango da. Ekitaldia zapatuan, ekainak 18, izango da, 20:30etik aurrera.

Zapatukoa, zalantza barik, ekitaldi berezia izango da Oskarbi taldearentzat, batez ere hasieratik dauden kideentzat: izan ere orain dela 50 urte baino gehiago, 1968an, Radio Juventud de Eibar Irratiak Coliseo antzokian antolatutako Euskarazko Kantuaren Lehen Lehiaketa  irabazi zuen Oskarbik. Eibartar askok gogoratuko duzuen lehiaketa garrantzitsua izan zen eta  bultzada handia eman zion sortu berria zen  Oskarbi taldeari. Taldeko Jose Luis Trekuk esan digunez, “gu izan ginen irabazleak, bigarren lekuan Ameslariak taldea geratu zen, eta hirugarren lekuan Urritxindorra.  Oso gazteak ginen, 17 urte inguru besterik ez genituen,  eta lehiaketa irabaztea izugarria izan zen.  Bakarkako kategorian Estitxuk irabazi zuen”.

Oskarbi taldea erreferentziazko taldea da euskal kantagintzan. Bere garaian Ez dok Amairu mugimendu historikoan parte hartu zuen. Orain dela 55 urte sortua, 13 disko dauzka euskal taldeak bizkarrean. Azken aldian abesbatza askorekin izan dituzte kontzertuak eta oraingoan Eibarrera datoz Sostoa abesbatzarekin batera abestera.

Euskal Herriko hainbat abesbatzarekin egiten ari diren kontzertuetako eskema jarraituko dute, hau da, kanta batzuk bakarrik abestuko dituzte eta beste batzuk Sostoarekin.

Ez Dok Amairu
Jose Luis Trekuk esan digunez, Ez Dok Amairu sortu zutenen artetik bakarrik Oskarbik eta Benito Lertxundik jarraitzen dute aktibo. Ez Dok Amairuk 1965 eta 1972 bitartean jardun zuen. Euskal Herriko kultura mugimendu abangoardista izan zen, lau urte lehenago abiatutako Euskal Kantagintza Berriaren barruan sortua. Hainbat artistek osatu zuten; abeslariek eta idazleek nagusiki. Une hartan hain zapalduta zegoen euskal kultura suspertu eta berritu zuen.

Orain arteko ibilbide luze honetan Oskarbi taldeak beti euskara hutsean eta euskal kantagintza lantzen jardun du. Bide horri eutsi diote, eta, horretaz gain, sorkuntza propioa ere badaukate, batez ere azken diskoan. Gaur egun taldean beteranoak baina gazte sortzaileak ere badaude. Horregatik ez da harritzeko azken diskoan sorkuntza propioak bere lekua izatea. Euren musikarekin gozatzeko aukera paregabea zapatukoa!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »