Pancho Varona, musikaria: “Abestien arimara heltzen gara kontzertu hauetan”

Pancho Varona, musikaria: “Abestien arimara heltzen gara kontzertu hauetan”
2019/09/13 eta kitto!
Pancho Varonak 37 urteko ibilbidea egin du musikaren munduan eta ‘Ruta 52’ biran urte hauetan sortutako abestiak eraman ditu hara eta hona. Estatuko 20 probintziatan jo ondoren Eibarren izango dugu gaur 22:00etan Coliseoan Joaquin Sabina, Joan Manuel Serrat, Ana Belen, Christina Rosenvinge eta beste hainbat artista handirekin sortutako abestiak kantatu eta kontatzeko.

 

- Zein bide musikal igarotzen ditu ‘Ruta 52’-k?

37 urtetan igaro ditudan bideak. Talentudun musikariak hurbil edukitzea izan da bizitzan izan dudan zorterik handiena. Era askotariko bide ederretatik eraman naute Joaquin Sabina, Manolo Tena, Luz Casal, Ana Belen eta abarrek. Urtarrilean hasi nuen bira eta 20 probintziatan jo dut dagoeneko. Amets bat da.

- Gipuzkoari dagokionez Eibarren bakarrik joko duzu?

Momentuz bai, baina probintzia berean kontzertu bat baino gehiago eskaini dezaket. Pozik, harro eta gogotsu noa Eibarrera.

- Ez da zure lehen aldia Eibarren.

Oso oroitzapen onak ditut Eibarren eskaini ditudan kontzertuen inguruan. Azkena jai batzuetan izan zen eta motorrean eraman gintuzten eszenatokira (barreak). Zoragarria iruditu zitzaidan. Eibar izugarri gustatzen zait. Desnibelen hiri ederra da.

- Bira honetan formatu txikiko kontzertuak eskaintzen dituzu. Zergatik?

Gitarra eta ahotsarekin bakarrik igotzen naiz eszenatokira, kantu ezagunak abesteaz gain euren atzean dagoen historia kontatzen dudalako. Abestia zergatik, noiz, nola... egin zen azaltzen dut. Asko gustatzen zaidan formatua da. Gainera, neure buruari barre egitea asko gustatzen zait, kirol zoragarria da, eta tontokeriak kontatzen ditut jendea dibertitu dadin. Sabinaren zaleentzat kontzertu zoragarria izan daitekeela uste dut, maite dituzten abestien inguruko gauza asko ezagutuko dituztelako.

- Abestien atzean dagoen historia ezagututa abesti horien inguruko pertzepzioa aldatu daiteke?

Baietz uste dut. Aurrekoan Kordoban jo nuen eta hango lagun bik esan zidaten liluratuta zeudela kontzertuarekin, ezagutzen ez zituzten gauza asko jakin zituztelako eta hainbeste aldiz entzundako abestiak beste ikuspuntu batetik entzuten zituztelako orain. Abestien arimara heltzen gara.

- Abesti batek prozesu bat jarraitzen du konposatzen denetik entzulearengana iritsi arte. Nolako garrantzia du publikoak bide horretan?

Publikoak berebiziko garrantzia du, abestiaren helmuga publikoa delako. Abesti bat inori erakutsi ezingo banio, abestiak ez luke zentzurik izango. Oso tristea izan behar da abesti bat egin eta inork ez entzutea. Beste pertsona batek entzutea da abesti bat existitzearen arrazoirik ederrena.

- Nolako bidea jarraitzen duzu abestiak konposatzeko?

Gaizki ohitu naiz Joaquin Sabinarekin (modu onean), abestien letrak idazten dituen momentuan pasatzen dizkidalako nik musika jartzeko.

- Zer duzu nahiago: abestiak konposatzea edo jotzea?

Baliteke gehien gustatzen zaidana konposatzea izatea, baina asko gustatzen zait jotzea eta abestiak kontatzea. Kontzertu hauetan gehien gustatzen zaidana berba egitea da.