Pello Lizarralde, idazlea: “Nire liburuetan agertzen dena sinesgarria izatea da helburua”

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
Pello Lizarralde, idazlea: “Nire liburuetan agertzen dena sinesgarria izatea da helburua”
ETA KITTO 2021, Api 09

Pello Lizarralde idazleak 80. hamarkadara eraman gaitu ‘Argiantza’ liburuarekin. Nabarmenkeria handi barik baina gauza asko kontatuz, sasoi hartako gizartea ezagutzeko aukera ematen digu idazleak. Hilaren 12an, astelehenean, ‘Idazlearekin harixa emoten’ irakurketa taldekoek solasaldia izango dute Lizarralderekin.

 

Elkarrizketetan aipatu izan duzu zure liburuek irudietan dutela abiapuntua. ‘Argiantza’ liburuaren kasuan, zein irudi izan da abiapuntua?

Irudiak urteetan izaten ditut eskura eta, begira eta begira, batzuk obsesio bihurtzen dira. Irudiak ez dira besterik gabe etortzen. Batzuetan susmatzen duzu hor zerbait egon daitekeela, liburu bat atera daitekeela hortik, baina ez da erraza erabakitzea eta urteetan lagatzen ditut. Azkenean, hari bat ekartzen dute eta hortik tiraka, beste elementu batzuk bilatuz, zerbait etortzen da.

 

Liburua 1982an dago kokatuta. Zergatik urte zehatz horretan?

Historia aztertzen dutenek badakite urte hartan hasi zela ordura arteko sistemaren gainbehera. Sasoi hartan liberalismo berriaren koxka gehiago estutu zen eta orduan hasi ziren euren herrialdeetan agintzen Margaret Thatcher eta Ronald Reagan, besteak beste. Horrek sistemaren estutzea ekarri zuen, eta lehen baldintza onak ez baziren, handik aurrerakoak ikaragarriak izan ziren. Orain bizi dugun egoerak urte horietan du sorrera. 70. hamarkadan lantegietako langileak hitzarmenak sendotzen eta indarra adierazten hasi ziren, greba oso latzak izan ziren eta oso behin behineko ongizatea lortu zuten. Handik aurrera, ostera, sistemaren zorrozteak eskubideen galera ekarri zuen, besteak beste.

 

Liburuan zinema duzu mintzagai. Aipatutako gainbehera horren erakusgarri delako?

Zinema bezalaxe, gauzak ulertzeko modu bat aldatu zen. Esate baterako, 80. hamarkadan zinema berriz indartu egin zen, multizineak sortu ziren, baina zinema-areto klasiko batzuk galtzen hasi ziren. Gero bideoa etorri zen eta horrek bakartzea ekarri zuen, etxean sartzea. Zuk zurea, nik nirea, baina elkarrekin gutxiago. Hori eremu guztietan aplikatu daiteke.

 

Zure liburuetan jende arrunta agertzen da gauza arruntak egiten. Horrela, irakurlea errazago identifikatzen da protagonistekin?

Nire liburuak irakurtzean nik bizi dudana beste batzuek bizitzea nahiko nuke. Liburuetan agertzen dena sinesgarria izatea da helburua. Sinesgarria, bestela ez dagoelako besteekin ezer partekatzerik. Gauza unibertsalak idaztea gustatzen zait, nire inguruan daudenen bizitzan oihartzuna izango duen zerbait. Ez ditut gauza xelebreak maite. Nire literatura errealista da. Gauza txikietatik hastea gustatzen zait, ideiak alde batera lagatzea, zalantzetatik abiatzea eta idatzi ahala zalantzak batzuk argitzea. Gehienak ez ditut argitzen, baina pentsatzen laguntzen dit. Bestalde, zalantza eta kezka horrek irakurleei helaraztea gustatzen zait. Nire liburuetan ez da gauza handirik gertatzen, itxura batean, baina gauza asko gertatzen dira.

 

Irakurleekin egiten dituzun solasaldiek zure liburuak beste begi batzuekin ikusten laguntzen dizute?

Duda barik! Hitzaldiei edo artikuluak idazteari ezezkoa ematen diet, baina irakurketa-taldeetatik deitzen didatenean beti baiezkoa ematen dut, ahal badut, eta oso gustora joaten naiz. Oso ustekabe atseginak jasotzen ditut, burutik pasatzen ez zaizkidan gauza asko jasotzen ditudalako. Oso komentario harrigarriak egiten dituzte irakurleek, oso pozgarriak ere, eta asko laguntzen didate. Beti gustatu izan zait idazlearen aurrean egotea eta hari galderak egitea. Idazteaz aparte, aurkitzen dudan eremurik atseginena eta ederrena da.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »