“Perlak” taldeak kontzertua emango du domekan Belekon Korrika Kulturalaren egitaruaren barruan

“Perlak” taldeak kontzertua emango du domekan Belekon Korrika Kulturalaren egitaruaren barruan
ETA KITTO 2017, Mar 31

Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan, …eta kitto! Euskara Elkartearen laguntzarekin antolatuta, Miren Narbaiza eibartarrak Perlak taldearekin  kontzertua emango du Beleko tabernan, apirilaren 2an (domeka). Taldearen bigarren diskoa aurkeztuko dute,  Itzaletatik, 19:00etan. Korrikako abestian ere parte hartu du Narbaizak beste hainbat artistarekin batera eta eibartarrak kalera irtetera animatu ditu euskararen alde “izerdia botatzera”.

Miren Narbaiza eibartarra (Argazkia: Amaia Zabalo)

Miren Narbaiza eibartarra (Argazkia: Amaia Zabalo)

– Nolako esperientzia izan da Korrikako abestia grabatzea?
Betidanik bizi izan dut Korrika kanpotik eta oso barrutik sentitu izan dut. Ilusio handia egin zidan Oreka TX-eko kideek deitu zidatenean. Euskal Herriko lurralde bakoitzeko ordezkari batek abestia kantatzeko asmoa zegoela komunikatu zidaten eta ni berehala animatu nintzen, noski. Andoaingo estudioan grabatu genuen bideoklipa denok. Xabi Zabalak egindako kantua da, oso berezia eta oso gustura egon nintzen egia esan. Gainera, Korrika amaitzen den egunean, apirilaren 9an Iruñean, bukaerako ekitaldian abestian parte hartu dugunok taularatuko gara kantatzera. Honetaz gain, nik eibartar guztiak animatu nahi ditut kalera irtetera eta korrika egitera. Eskertzekoak dira euskararen alde botatako izerdi tantak.

– Korrika Kulturalaren egitarauaren ere parte hartuko duzu Perlak taldearekin…
Bai. Beleko tabernan joko dugu kontzertua apirilaren 2an eta orain dela urtebete kaleratu genuen Itzaletatik  diskoa aurkeztuko dugu bertan. 11 abestiz osatuta dago eta Eibarren jotzen dugun lehenengo aldia ez den arren, lehenengo aldia da diskoa aurkezten duguna. Bitxikeria moduan, Perlak-ekin eman nuen lehenengo  kontzertua ere Belekon izan zen.
­

– Nolakoa da disko hau?
Egia esan, diskoa prestatzerakoan ez nengoen oraindik taldean. Baina egon dira aldaketak lehenengo diskotik. Adibidez, izaerari eta luzerari dagokienez, bigarrena luzeagoa da eta post-punk- estilotik gehiegi urrundu gabe, baina rockera gerturatzen da.  Gitarra gehiago sartuz, rock estilo ilun bat jorratzen dugu. Eta letrei dagokienez anitza da, hainbat gairen inguruan aritzen gara, baina badago abesti guztiak lotzen dituen hari bat.  Itzaletik diskoaren izenarekin lotura eginez, abestietan iluntasunean dauden gaiak jorratzen ahalegindu gara, hau da, itzaleko istorioak azalera ekartzen saiatu gara; pasarte historikoak, emakumeen historia ezkutatua eta baita  gaur egungo emakume batek etxera bidean dituen istorioak, besteak beste.  Abestiak istorio pertsonalak ere baira, isilpekoak eta ezkutuko istorioak, esan bezala ergitara ekarriak.

– Kolaborazioak izan dituzue lan honetan?
Bai. Alde batetik, Oihane Abarrategik, Perlak-eko kide ohiak, parte hartu du. Ni bere ordez sartu nintzen taldera. Berak Emakume kuantikoak kanta konposatu zuen eta berak ere abestu du. Kantu horri esker Perlak-en bi sasoiek bat egin dutela esan daiteke, biok gaudelako fisikoki disko berean. Eta bestalde, Maite Arroitajauregiren kolaborazioa ere izan dugu. Emakumeen Mundu Martxarako Bandera Moreak abestia egin genuen, Uxue Alberdik pasa zigun letrarekin. Hala ere, abesti hau fisikoki ez edukitzeak pena ematen zigun eta beraz, Maite Arroitajauregiren kolaborazioarekin abestiaren moldaketa egin eta diskora gehitu genuen. Biolontxeloak falta zitzaion ukitua eman zion.

– Nola sartu zinen Perlak taldera?
Orain dela 2 urte sartu nintzen Perlak-en, Napoka Iria atsedenaldian zegoenean. Nik saltseatzeko gogoa neukan, gauza berriak probatzekoa; instrumentu berriak, rol berriak talde barruan, … Eta Perlak taldeak aldi berean hori behar zuen. Ikasteko eta aurrera egiteko behar nuen. Beraz orain, Perlak-ekin nabil baina baita Joseba B. Lenoir-ekin eta Drumkopters Zarauzko taldearekin ere. Gainera, nire proiektu bat eratzen ere banabil, oraindik konposizio lanetan, eta beno, orain lasaiago nabilela esan dezaket.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »