Sáenz de Viteri mediku eibartarren familiari buruzko liburua kaleratuko du Ego Ibarra Batzordeak

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
Sáenz de Viteri mediku eibartarren familiari buruzko liburua kaleratuko du Ego Ibarra Batzordeak
ETA KITTO 2021, Urt 26

Eibarko Udalak bere webgunearen bitartez azaldu duenez, Alberto Sáenz de Viteri familiako gazteenaren jubilazioarekin batera,  familia horren 3 belaunaldiren ibilbidea laburtuko duen liburua argitaratzea  proposatu du gobernu taldeak. Eibarko Udaleko Ego Ibarra Batzordeak, urtarrilaren 20an egin zen bilkuran, aho batez onartu zuen Idoia Sarasqueta batzordeburuak egindako proposamena, alegia, liburu bat argitaratzea Sáenz de Viteri familiaren hiru mediku-belaunaldien (alegia, Isaac, Javier eta Alberto) ibilbidea laburtuko duena. Liburuak Antxon Narbaiza filologo eibartarrak hasitako lana izango du oinarri, “izan ere, urteak daramatza mediku hauen datu biografikoak jasotzen”, azaldu dute. Hauxe da Narbaizak aztertzen duen hirugarren mediku-familia (aurretik Aguirretarrak eta Muguruzatarrak jorratu zituen). Ego Ibarra Batzordearen asmoa liburua datorren urtean argitaratzea da.

Idoia Sarasqueta Ego Ibarra batzordeburuaren esanetan, “Uste dut liburu hau  estimu eta aitorpen keinu txiki bat izan daitekeela Eibarko herriak beren lana umiltasunez, duintasunez eta eskuzabaltasunez egin duten profesionalei zor dieguna. Gainera, Antxon Narbaizak Eibarren azken bi mendeetan izan diren mediku-leinuen gainean hasitako lana burutzeko aukera ematen du”.

Albertoren erretiroaren ondoren, gobernu-taldeak mediku-familia horri omenaldia egitea buruan zuenean, ugariak izan dira sare sozialetan edo tokiko prentsan estimu edo oroitzapen detaile bat eskatu dutenak.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »