San Blas opilak bedeinkatzeko mezak egingo dira bihar herriko elizetan

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
San Blas opilak bedeinkatzeko mezak egingo dira bihar herriko elizetan
ETA KITTO 2022, Ots 02

Eztulari inoiz baino kasu gehiago egiten diogun sasoian, iritsi da Eibarko tradizioak ekarri digun erremediorik ezagunena: San Blas opila (edo, bestela, opila bera bedeinkatzera eramaten den oihala edo baita zintak ere, Juan San Martinek ‘Antzinako Eibar liburuaren jaso zuenaren arabera). Osasunaren Mundu Erakundea ez da ados egongo, baina zerbait gozoa dastatzeko aukera izango dugu horrela gutxienez.

 

Bihar, San Blas egunean, opilak bedeinkatzeko ohitura oso zabaldua dago. “Egia esan, Santu honen inguruan bestelako ohiturarik ere bada, baina Euskal Herrian, bereziki janariak bedeinkatzea ohi da. Nafarroan gazta, zaia, ogia, lukainkak… eta beste jaki batzuk eramaten dira elizara”, dio Juan San Martinek bere liburuan. “Gipuzkoan, jeneralki, ogia, artoa eta beste janari batzuk bedeinkatzen dira, urtearen barna eztarriko gaitzez diren oiloei emateko”, gehitzen du.

San Martinek dioenez, “Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugen inguruko herrietan eta Goierrin oso zabalduta dago opilak bedeinkatzea”, Eibarren bezala. Antzinako ohitura da eta, lehen, San Blas irudia Santa Iñes ermitan gordetzen zutenez, Isasiko jauregiaren baratz inguruan, jendea hara joaten zen bedeinkatzera. Gero, ohitura San Andres parrokiara pasa zuten, opilak ez ezik, laranjak ere eramatera, San Martinek gogoratzen duenez. “Maiz, zalantza larrian irtetzen ginen, bedeinkazio orduan opillak eta naranjak ahalik goren altxatzen genituenarren ia ur-bedeinkatu tantarik heldu zaigun ala ez”, dio.

 

Opilak egiteko ikastaroa

Opilak, hasiera batean, artoirinez egiten ziren, baina San Martinek ezagutu zituen lehenak bi eratakoa ziren: “irin fiñez, inoiz esne txorrozta bat orea gertatzen, azukre pizkat ere bai, eta egosterakoan azukrea gainean bota (sagar zatiak, okaranpasak eta mahaspasak jartzen zituenak ere baziren) eta era honetara azala gozatzen zen; beste erakoa da orain ezagutzen dugun bakarra, irin, esne ta arraultza gorringoz oreatu, anis tanta batzuk, eta erdizka egosirik dagoanean labatik atera eta ur, zuringo eta azukrez gertatzen den orea gainean jarriaz berriz labaratu. Bigarren era hau, esan dugunez, gure egunotan egiten dena da”, zioen 1993an.

San Martinek dioenez, “gu haurrak ginela etxe aberatsetakoek edo ekonomiaz hobeto bizi ziren familietakoek bakarrik egiten zuten oraingo opil hau; pobreok ogi gozatu hura izaten genuen. Egia esan, oraingo erako opillak gozotegi edo konfiterietan erosten ziren orduan, baina egiteko errezeta eta etxeetako labak hedatuaz eta hobetuaz joan diren neurriak aldatu zen opil fiñagoak soilik egiteko ohitura”.

 

Opilak bedeinkatzeko ordutegia

San Blas opilak egin edo erosi ondoren, bedeinkatzea da ohiturak markatzen duena. Horretarako, herriko elizetan zenbait meza egingo dira ordu hauetan: 10:30ean Urkiko elizan, 10:30ean Azitainen, 11:00etan eta 12:00etan San Andres parrokian, 11:00etan eta 19:00etan Karmengo Amaren elizan (Karmelitetan), 11:00etan San Pio X elizan, 12:00etan San Agustinen eta 12:00etan Amañan.

 

 

SAN BLAS OPILAK EGITEKO ERREZETA

OSAGAIAK (6 opil egiteko):

Dozena bat arrautza.

Irina: 2 kg

Azukrea: 750 g

Legamia: sobre bat

Koipea edo gurina: 150 g

Anis esentzia: odi bat

 

1- Osagaiak ondo nahastu eta oratu katilu batean. Irina pixkanaka joan botatzen eta, pixka bat gogorra dagoenean, estalki edo mahai gainean irina ipini eta nahasketa bertan bota.

 

2- Masa egin, eskuekin ondo nahastuz. Irina gehitzen joan, masak eskatzen duenaren arabera. Masa estalkian, mahaian edo eskuetan pegatzen ez denean, ondo egongo da.

 

3- Masari sei zati egin eta forma eman. Forma emateko, irina bota eta botila edo arrabolarekin masa zabaldu.

 

4- Bi opil laban sartzeko prest daudenean, laba berotzen jarri (180º) eta, bitartean, blanketa egin. Horretarako, hiru zuringoak elur-punturaino irabiatu. Ondoren, azukre-hautsa bota eta 10 minutuz irabiatu.

 

5- Laba bero dagoenean (180º-190º), forma duten masa zatiak sartu 20 minutuz. Laba guztiak berdinak ez direnez, begiratzen joan behar da eta, zure gustura txigortzen denean, atera.

 

6- Labatik ateratzerakoan, opilak estalkiaren edo mahaiaren gainean jarri eta hoztu baino lehenago gainean zuria edo blanketa jarri koilararen atzeko aldearekin. Blanketa jarri ondoren, lehortzen laga ordu batzuetan (arratsaldean eginez gero, hurrengo eguneko goizera arte).

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »