San Martin azoka egingo da azaroaren 13an, larunbata, Ermuko plazan eta inguruko kaleetan

San Martin azoka egingo da azaroaren 13an, larunbata, Ermuko plazan eta inguruko kaleetan
2021/11/10 eta kitto!
Euskal Birusa Elkarteak antolatzen du azoka hau 1990etik, ermuarren artean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Helburu horri begira, azokaz gain, kultur eta kirol jarduera asko biltzen dituen egitaraua prestatu du Elkarteak aurten ere.  Ermuko hainbat eragileren eta 200 euskaltzale boluntarioren parte-hartzeari esker gauzatzen da herritar askorentzako “urteko egunik bereziena” den azoka egun hau.

EGITARAUA:
- 11:00etan hasita, barazkiak eta frutak erosteko aukera egongo da, hala nola Euskal Herrian ekoitzitako txakolina, sagardoa, gazta eta gozoak.
- Goizean zehar, Alboka Musika Eskolako trikitilariek eta Azpeitiako Itsasi taldeko joaldunek girotuko dituzte inguruak.
- Aurrekoez gain, hamabost artisauen lanen erakusketa eta hainbaten erakustaldiak, Kulki taldearen umeentzako jolasak, herri-kirolen erakustaldia, talo eta saiheski postuak, euskal dantzak…
- Eguerdian, azokaren epaimahaiak saridunen izenak jakinaraziko ditu, eta sariak banatu.
- Arratsaldean, Luhartz taldearen erromeriak, larraindantza herrikoiak eta dultzaineroen kalejirak girotuko dute Ermua.

Guztira, sei gune ezberdinetan burutuko dira ekintzak, eta gune horietan guztietan ezarriko dira COVID-19a saihesteko indarrean dauden osasun-segurtasun neurriak.