Santiago Arizmendiarrietaren "Memorias. La guerra civil española: 20 meses prisionero” liburua aurkeztuko da gaur

Santiago Arizmendiarrietaren "Memorias. La guerra civil española: 20 meses prisionero” liburua aurkeztuko da gaur
2016/04/12 eta kitto!
Santiago Arizmendiarrieta esperantista eibartarraren “Mis Memorias. La guerra civil española: 20 meses prisionero” liburua gaur aurkeztuko da Eibarko udaletxean,  19:30ean. Aurkezpen ekitaldian Javier Rodrigo historialaria eta Antxon Narbaiza idazlea izango dira hizlari; Rodrigok liburuaren eta egileari buruz azterketa bat egingo du, eta Narbaiza eibartarrak Arizmendiarrieta eta haren testuingurua izango ditu hizpide.

Santiago Arizmendiarrieta Eibarko gizon errepublikanoaren prototipoa izan zen eta Errepublika eta gerraren hasiera zuzenean ezagutu zituen. Bizitza osoan karta mordoa idatzi zituen eta, bera hiltzean, Olga alabak donazioa egin zuen: horrela atera dute liburua. Bere idatzietan errepublika galtzeak zer ekarri zuen lehen pertsonan kontatzen du. Liburuaren 1.000 ale paperean argitaratuko dira eta 250 orrialde eta 100 argazki baino gehiago izango ditu. Horretaz gain, 400 orritik gorako liburuaren edizio elektronikoa Egoi Ibarraren webgunean doan izango da.  Gaurko ekitaldian liburua 10 eurotan salduko dute.



 "Oroimenaren geruzak" ikus-entzunezkoa ere gaurko ekitaldian.

 Liburuaz haratago, hainbat testigantza eta irudi jaso dira Santiago Arizmendiarrietaren bizitza islatzeko eta sasoi hartako giroa jasotzeko, baina baita esperantoari zion maitasuna erakusteko ere.


Dokumentu horrek –Javier Rodrigoren hitzaurreko izenburua hartu duena- 15 minutuko iraupena du. Beste gauza askoren artean, Arizmendiarrietak Klub Deportiboan izan zituen esperantoko ikasleetako baten lekukotasuna jasotzen du, Arrate Ibargutxirena; Toribio Etxebarriarekin Santiagok izan zuen gutun-truke hartako esperantozko testuen itzultzaileak, Aitor Arana, emandako iritzia; baita Antxon Narbaiza idazlearen eta Ane Izarra dokumentalistaren berbak ere. Lan hori Badihardugu Elkarteak egin du Ego Ibarrarekin elkar lanean arituta eta batzordearen webguneko “Bideoak” atalean egongo da ikusgai.


Javier Rodrigo eta Antxon Narbaiza gaurko aurkezpen-ekitaldian
Javier Rodrigo
historialaria Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle-ikerlaria da; Historia Garaikidean doktoratu zen Florentzian eta London School of Economics-ean egin zuen doktoradutza osteko ikerkuntza. Espainiako gerra zibilean aditua, hainbat artikulu eta liburu argitaratu ditu. Bere lan batzuk aipatzearren, hona hemen: “Cautivos. Campos de concentración en la España franquista, 1936-1947”, “Hasta la raíz. Violencia durante la Guerra Civil y la dictadura franquista” edo bere azken obra “La guerra fascista. Italia en la Guerra Civil española 1937-1939” deritzona.

Antxon Narbaiza idazlea hainbat urtetan irakasle izandakoa dugu. Euskal Filologian doktoratua, liburu-itzultzailea eta makina bat artikulu eta lan argitaratukoa, besteak beste “Muguruza aita-semeak”, “Akilino Amuategi” edo “Periko Kintana: itsas gizona eta gudaria” liburuak.