Sariz betetako uda izan du Esteban Oroz artista eibartarrak

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
Sariz betetako uda izan du Esteban Oroz artista eibartarrak
ETA KITTO 2019, Ira 05

Esteban Oroz Eibarko Artista Elkarteko kideak hainbat sari eskuratu ditu uda honetan, herri ezberdinetan egin diren aire zabaleko pintura lehiaketetan. Ekainean, Elgoibarren egin zen VIII. Aire Libre Pintura Lehiaketan 2. saria jaso zuen, Pedro Miguel Urruzuno kalean, anbulatorio parean dagoen eraikin zaharreko fatxadari eskainitako koadroari esker; eta Ceniceron (Errioxa) antolatutako lehiaketan, berriz, lehen saria irabazi zuen. Horrez gain, uztailean lehen saria eman zioten Hondarribin, Emeki Elkarteak urtero antolatzen duen lehiaketan. Gipuzkoako hiri honetan jokatzen den lehiaketa kutunetakoa da artista eibartarrarentzat, “margotzeko orduan ezin delako argazkirik erabili erreferentzia gisa, parean daukazunari baino ezin zaio begiratu”. Handik egun gutxira berriz ere lehen saria eman zioten, Mutrikun, eta Camerosen (Errioxa) jokatutako lehiaketan, berriz, bigarren saria irabazi zuen. Uda honetan irabazi dituen lehiaketen zerrendan azkena Orozkon abuztuko azken egunean jaso zuen hirugarren saria da. Eibarko artista honek bereziki maite ditu aire zabaleko pintura lehiaketak, “margotzeko orduan denbora muga izan arren, horrek koadroari beste freskotasun modukoa ematen diolako” eta, horrelakoetan zenbat sari irabazi dituen ikusita, argi dago erlojuaren kontra margotzen primeran moldatzen dela.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »