Urteko lehen Plazara Dantzara dantzaldia egingo da bihar Errebalen, Lolita Delmonteilen musikarekin

Urteko lehen Plazara Dantzara  dantzaldia egingo da bihar Errebalen, Lolita Delmonteilen musikarekin
2023/01/26 eta kitto!
Klub Deportiboko Kezka dantza taldeak eta Kultura Sailak iaz abiatutako Plazara Dantzara egitasmoaren baitan, bihar arratsaldean, 19:00etan, dantzaldi gidatua egingo da Errebal Plazan, Nafarroa Beheretik datorren Lolita Delmonteil musikariarekin. Dantzaldietan ohikoak direnekin batera (lotuan, soltean, jauziak, kontradantzak...), Delmonteilek Okzitania bere jatorrizko lurraldeko dantzaren bat ere eskainiko du, momentuan azalduta. Dantzan egitera animatzen direnek eskusoinua, ahotsa eta ttun-ttuna izango dituzte lagun.

Herrixa Dantzan, domekan Elgetan

Bestalde, domekan 19:00etan, dantza-tailer irekia egingo da Elgetako Espaloia kafe-antzokian, Herrixa Dantzan-en eskutik. Sarrera doan da eta parte-hartzea libre. Urtarrila eta otsaileko saioetan ‘Euskal Herriko plazetarako dantza berriak’ proiektuko dantzak ezagutu eta lantzeko tailer irekiak egin dituzte.