Uztaileko eta abuztuko kultur programazioa aurkeztu dute

Uztaileko eta abuztuko kultur programazioa aurkeztu dute
2020/07/03 eta kitto!
Espazio publikoa kulturarako berreskuratzeko helburuarekin, uztaileko eta abuztuko kultur programazioa aurkeztu du Udalak gaur goizean. Hiru kontzertu, bi antzerki emanaldi eta zortzi pelikula eskainiko dituzte bi hilabete hauetan, poliki-poliki herriko kultur egitasmoak bultzatzeko asmoz.

Udalak musikari eibartarren aldeko apostua egingo du udako egitarauari begira. Hilaren 9an, eguenean, Miren Zulaika eta Gorka Martinez de Lagos eibartarrek eta Asier Cascan ermuarrak itxialdian zehar sortutako ‘Harira’ taldeak kontzertua eskainiko du Untzagan 22:00etan. “Gazte eta helduentzat ezagunak diren abestiak joko ditugu”, esan du Miren Zulaikak. “Abesti batzuk lasaiak izango dira eta beste batzuek bizitasun gehiago izango dute”. Gitarra bi eta ahotsa izango dira ‘Harira’ taldearen lehen kontzertuaren protagonistak.

Hilaren 14an, martitzenean, toki eta ordu berean, Julen Leturiondok joko du zuzenean. Artista eibartarrak ‘Julen’ izeneko proiektua abiatu du berriki eta kontzertu berezia eskaintzeko gogoz dago. “Nik sortutako abestiak eta beste kantu batzuren bertsioak joko ditut”. Itxialdiak hausnarketarako aukera eman dio Juleni eta prentsaurrekoan aipatu duenez, “musika entretenimendua baino zerbait gehiago da”.

Hilaren 21ean, martitzenean, leku eta ordu berean hau ere, ‘Debajo del paraguas’ taldearen txanda izango da. Los40 Euskadiko ‘Cara A’ saioko lehen postuan birritan izan da taldea, eta Cadena Dialen ‘Dejate llevar’ eta Los40-ren ‘Summer Live’ biretan hartu du parte. Ainhoa Arroitajauregi eibartarra da taldearen abeslaria, eta giro ona eta poztasuna ekarriko dute Untzagara.

Kontzertuak ikusi ahal izateko doako sarrerak eskuratu beharko dira Coliseoan (astelehenetik barixakura 17:30etik 19:30era) edo Kutxabanken; eta emanaldia hasi aurretik sarrerarik libre badago, egunean bertan Untzagan sarrera erosi ahal izango da. Untzagako emanaldietarako 300 sarrera egongo dira eskuragai, sarrera bakoitzari jarleku bat egokituko zaio eta maskara jantzi beharko da derrigorrez. Gainera, gel hidroalkoholikoa egongo da ikusleen eskura.

 

Bi antzezlan

Itxialdiaren ondorioz bertan behera geratu dira udaberrian eta udan zehar herrian egin behar ziren kultura ekitaldiak, baina uztailean izango dugu mokadutxo bat dastatzeko aukera. Hilaren 7an, martitzenean, Ramper antzezlana egingo da 22:00etan Bizikleta Plazan. “Ramper harribitxi bat da”, Jose Luis Gonzalez ‘Poxpolo’ kultura teknikariaren iritziz. Ramperren omenez egindako antzezlana da, 20. eta 50. hamarkaden artean arrakasta handia izan zuen pailazoa.

Hilaren 16an, eguenean, ‘Ene ba!’ antzezlana egingo da 22:00etan Untzagan. “Untzagan aire librean antzezteko proposamena egin diegu eta erronka izango da”, adierazi du Gonzalezek. “Anfiteatro antzeko bat egingo dugu”. ‘Ene ba!’ Txalo Produkzioak antzerki-taldearen ikuskizuna da eta Asier Sota, Ane Gabarain, Mikel Laskurain, Joxe Kruz Gurrutxaga eta Alazne Etxeberria dira komedia barregarri honen protagonistak.

Antzerki emanaldi bakoitzean 200 sarrera egongo dira eskuragai (Coliseoan eta Kutxabanken) eta maskara janztea derrigorrezkoa izango da.

 

Aire-libreko zinema

Udalak aurten bikoiztu egin du aire-libreko zinearen aldeko apostua eta zortzi pelikula eskainiko ditu uztailean eta abuztuan. Uztailean lau lan egongo dira ikusgai: ‘Asterix eta edabe magikoaren errezeta’ (hilaren 8an, 22:00etan, Legarreko frontoian), ‘Lo dejo cuando quiera’ (15ean, 22:00etan, Untzagan), ‘Agur Etxebeste’ (22an, 22:00etan, Karmengo parkean) eta ‘Joker’ (29an, 22:00etan, Untzagan).

Pelikula bakoitzerako 200 sarrera egongo dira eskuragai eta, beste kasuetan bezala, maskara eraman behar da. Bestetik, euria eginez gero, kontzertuak eta antzezlanak Coliseoan egingo dira, eta zinea udaletxeko arkupeetan emango da.