Vicky Rojas eta Dalila Cabrera, websail bat sortzeko zurrunbiloan

Vicky Rojas eta Dalila Cabrera, websail bat sortzeko zurrunbiloan
2019/07/19 09:05
eta kitto!
Sasoi ederra bizi dute Vicky Rojas eta Dalila Cabrera eibartarrek. Orain dela hainbat urte abiatu zuten proiektuak forma hartzen dihardu eta emozio handiko egunak dituzte aurretik. Voragine websailaren sortzaileak dira Vicky eta Dalila, etorkizun hurbilean zeresana eman dezakeen zientzia-fikziozko telesailaren zuzendariak. Berehala hasiko dituzte grabaketak eta, Bilbo inguruan ibiliko badira ere, hainbat eszena Eibarren filmatuko dituzte.

 

Zientzia-fikziozko istorioa kontatzen du Voraginek. “Dimentsio arteko ate bat zabaldu eta handik bost urtera hasten da istorioa, bi errealitate kontatuz”, Vickyren berbetan. “Errealitate biak oso antzekoak dira, gertaera ezberdin bat kenduta, eta aldaketa txiki batek ondorio nabarmenak izan ditzake pertsona baten nortasunean edo bizitzan”. Kaosaren teoria azaltzen duen tximeleta efektuak esplikatzen duen bezala, tximeleta baten hegalen mugimendu soilak mundua alda dezake.

Hiru emakume dira Voragineko protagonistak, espia bi eta hiltzaile bat. “Websailak zientzia-fikziozko testuingurua badu ere, gizakien inguruko hausnarketa egiten da bertan”, Dalilak dioenez. “Esparru soziala eta politikoa lantzen ditugu, baina batez ere pertsonaiek egiten duten nortasunaren bilaketa. Hau da, pertsona hauek nolakoak diren eta errealitate paralelo batean nolakoak izan daitezkeen ikustea, non dena berdina den baina era berean oso ezberdina”.

 

Minoriak irudikatuz

Websailak minorietan jartzen du arreta. Protagonistetako bat latinoamerikarra da, beste bat transexuala eta besteak antsietate-arazoa eta depresioa du. “Fikzioan gehiegi landu ez diren gai gizatiarrei buruz egin nahi dugu berba”, dio Dalilak. Vickyren ustez gai hauek zeharka tratatu ohi dira fikzioan eta eurek protagonismoa eman nahi diete, baina trama ez da euren izaera edo nortasunean zehazki zentratuko. “Minoria hauek normalizatu nahi ditugu. Hau da, protagonistetako bat lesbiana izan daiteke, baina websaila ez da zentratuko armairutik noiz irten den eta horrelako kontuetan. Beste barik, lesbiana da eta kitto, baldintza horrek ez du tramarekin zerikusirik eta ez du zertan izan. Zergatik sortu behar ditugu beti mota bereko pertsonaiak?”, hausnartzen du Dalilak.

Vicky eta Dalilarentzat oso garrantzitsua da websailean minoriak irudikatzea, “hazten geundenean horrelako telesail bat ikustea gustatuko litzaigukeelako”. Haurtzaroan eta nerabetasunean horrelako telesailak faltan bota zituzten biek eta Voraginerekin pertsona asko ordezkatuta sentitzea espero dute. “Ikusleak pentsatzea berari gertatzen zaizkion gauzak jende gehiagori gertatzen zaizkiola eta gauza horiek kontatzen dituzten istorioak daudela”, dio Vickyk.

Hizkuntzari dagokionez, bestetik, euskerak protagonismo handia izango du. “Azken finean euskera minoria bat da hizkuntzei dagekionez”. Gainera, euskeraren garrantzia handia izango da trama ulertzeko, websailean aurkezten diren errealitate batean Franco inoiz ez delako existitu eta horrek historia asko aldatzen du, gaur egun euskeraren presentzia handiagoa izango litzatekeelako seguruenik.

 

Gidoi perfektuaren bila

Dalilak aspaldi du idazteko ohitura, nobela formatuan batez ere. “Errealitate paraleloen kontuak beti eman dit atentzioa, ‘Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian’ eta horrelako ipuinek, eta zientzia-fikziozko kontaketen antologia baten parte hartzeko eman nuen izena. Kontaketa labur bat idatzi nuen eta Vickyk irakurri zuenean ibilbide luzeagoa zuela esan zidan”. Vickyren ustez oso kontaketa “bisuala” zen.

Bikoteak beti izan zuen estilo honetako zerbait sortzeko gogoa eta Dalilak idatzitakotik abiatu ziren. “Argia ikusi ez zuen websail batean lanean genbiltzan eta guk geuk horrelako zerbait egiteko gai ikusi genuen gure burua”, Dalilaren berbetan. Gehiago idazten hasi ziren, ideia asko jarri zituzten mahai gainean eta urte biko lana egin dute gidoia osatzen. “Oso prozesu gogorra izan da”, Dalilaren ustez. “Oso perfekzionistak gara, oso zorrotzak. Lehen kapitulua, adibidez, 10 aldiz idatzi dugu”. Gaur egun, ordea, websaioa grabatzeko atarian daude.

 

Grabaketa abuztuan

Ekainaren 28an aktoreak aukeratzeko castinga egin zuten eta zuzendarien deiak erantzun bikaina izan zuen. “25 lagun baino gehiago etorri ziren, espero genuena baino askoz gehiago. Zaragoza eta Soriatik etorri ziren batzuk, pentsa. Aparta izan zen!”, Dalilak dioenez. Eta zergatik hainbeste arrakasta? “Istorioa asko gustatzen zaielako etorri zirela esan ziguten”.

Vicky eta Dalilak proiektuarekin izan zuten lehen kontaktu erreala izan zen castinga, etxetik atera eta errealitate bihurtzen hazteko unea, eta horrelako erantzun ona jasotzea “gogobizialdia” izan zen talde guztiarentzat. “Proiektua martxan dagoela sentitu genuen, eta martxa onean gainera”. Eta bilatzen zutena aurkitu zuten. “Hori izan zen onena, bilatzen genuena baino gehiago eskaintzen diguten aktoreak aurkitu genituela. Poz-pozik gaude”. Voraginerekin oso konprometituta dagoen jendea da eta dagoeneko websailaren zaleak dira. “Gidoiaren lehen irakurketa egin genuenean esan genien edozer gauza galdetu ahal zutela pertsonaietan gehiago sakontzeko, baina eurek erantzun ziguten websailean aurrerago zer gertatzen den jakin nahi zutela”, dio Dalilak barrez.

Astelehenean entseguekin hasi ziren, baina oraindik hainbat kontu itxi behar dituzte abuztuaren 12an grabaketekin hasteko. “Hiru ekoizle ditugu taldean, baina gehiago lortzen baditugu ez litzateke txarto egongo”. Ikus-entzunezkoen munduan eskarmentua duten emakumeak dira biak. “Dalila gidoigintzan eta edizioan, eta ni zuzentzen eta kamera atzean batez ere. Beraz, ondo ulertzen dugu elkar”, Vickyren berbetan, “baina horrelako proiektu bat gauzatzeko gauza gehiago behar dira”.

Hainbat pertsonek egiten dute bat proiektuarekin Voraginek duen potentzial handiak erakarrita. “Zorte handia dugu, hasieratik gurekin lanean diharduten 5-6 pertsonako talde bikaina dugulako”, Dalilak dioenez. Egun hauetan ekoizpen lanetan, soinu-banda sortzen, arte-zuzendaritzan eta beste hainbat alorretan lanean diharduen jendearekin bilduko dira, ahalik eta talde onena osatzeko. “Profesionalak dira eta argi dute aurrekonturik ez duen telesaila dela, baina ideiak motibatu egiten dielako etorri dira eta hori oso motibagarria da guretzat”. Hala ere, proiektua finantzatu ahal izateko dirua lortzen badute, eurekin lan egiten dutenei ordaintzea da zuzendarien asmoa lehenik eta behin.

 

Kaixo, Netflix?

Vicky eta Dalilak kontatu nahi duten istorioa ez da ohiko medioetan ikusten den horietakoa. “Gure ingurukoei eta guri buruz berba egiten duen istorioa da”, Vickyren esanetan, “ikusi ohi ditugun lanetatik aldentzen dena”. Ez dute nahi inork euren istorioa erosi eta moldatzea, “guretzat gidoia aldaezina da”, eta horregatik erabaki zuten websail moduan kontatzea. “Netflixek dirua eman eta istorioa guk nahi dugun moduan kontatzen uzten badigu, bikain; baina ez da ohikoa horrelako zerbait gertatzea”, Dalilaren ustez.

Websailen alorrean, bestetik, ohikotasunetik aldentzen da Voragine.“Gaur egunean umore kutsua duten websailak egiten dira batez ere, 10-15 minutuko komedia arinak”, Vickyk dioenez, “baina guk buruan genuen proiektua gauzatu nahi genuen, nahiz eta normalean egiten denarekin zerikusirik ez izan”. Printzipioz Voraginek 20 minutu inguruko 17 kapitulu izango ditu, lehen kapituluak izan ezik, 40 minutuko iraupena izango duelako.

Lehen kapituluak garrantzia handia du zuzendarientzat, ekoiztetxe edo ikus-entzunezkoen enpresa banatzaileetan produktua saltzeko aurkeztuko dutelako, baina asetzen dien eskaintza bat jasotzen ez badute, YouTube edo Vimeo bezalako plataforma batean jarriko dute websaila eta kitto.

Vicky eta Dalila sartu dira Voragineren zurrunbiloan. Emaitza zuen ordenagailu, tablet edo mugikorretako pantailetan izango duzue laster.