Virginia Fernández, musikaria: “’The Belly’ diskoarekin zerbait freskoa lortu nahi nuen, gure benetako soinua jasotzea”

Virginia Fernández, musikaria: “’The Belly’ diskoarekin zerbait freskoa lortu nahi nuen, gure benetako soinua jasotzea”
2021/07/16 eta kitto!
Virginia FernándezSeda’ izeneko taldea sortu du, bere proiekturik pertsonalena. Hainbat musika-taldetan ibili (Toro y La Niña del Frensí, Doctor Deseo, Jardín Infierno, Virginia y Los Machines…) eta denbora batez musikaren mundutik aldendu ondoren, inoiz baino indar gehiagorekin eta bere musika egiteko gogoarekin itzuli da musikari eibartarra. Asteburuan Bergaran jo zuten eta Azkena Rock jaialdian arituko dira urrian.


(Argazkia: Begotxu Etlexpe)

 

Zer moduz Bergarako kontzertua?

Oso ondo! Eszenatokia pixka bat txikia zen guk sortzen dugun soinuarentzat, baina asko gustatu zitzaigun. Ikusleak eserita egon ziren, baina tira. Bilbotik jendea etorri zen eta primerakoa izan zen.

 

Zuen musika hain indartsua izanda, zuzenekoetan nola moldatzen zarete murrizketekin, jendea eserita badago eta abar?

Ondo egokitu naiz egoera horretara eta ikuskizuna gaur egungo baldintzetara egokitu dut. Adibidez, asteburuko kontzertuan eszenatokitik jaitsi nintzen, publikoarengana gerturatu… horrekin jolasteko aukerak ematen ditu egoera horrek. Gainera, publikoa maskarekin egon arren, gozatzen dutela sentitzen dut. Hurbiltzea eta probokatzea gustatzen zait eta publikoaren aldetik erantzuna oso ona izaten da. Baldintza batzuk bete behar dira, baina gozatzeko gogoa hortik haratago doa. Egia esan, ez naiz asko fijatzen egoera zein den, dena emateko gogoz egoten naizelako eszenatoki gainean. Beste musikari batzuek bai esan didate egoera hau ez zaiela gustatzen, baina ni ondo moldatzen naiz.

 

Zure jarrera hori izanda, publikoak gehiago gozatzen du?

Bai. Argazkiak egiten dituzte, begiradan ikusten da gozatzen dutela… ohikoak ez diren beste erantzun batzuk eskaintzen ditu publikoak. Betiko kontzertuak ez izan arren, horrek ez nau mozten, areago, gehiago emateko gogoa izaten dut, publikoari ikuskizuna gozagarriagoa egiteko nahia.

 

Nolakoa izan da ‘Seda’ taldearen sorrera?

Nire proiektu pertsonala da. Saúl Santolariaren estudioan abesti batzuk grabatzen nebilen eta kanta batzuk nahiko rockeroak zirela jabetu ginen. Orduan, rockaren inguruan ezagutza sakona duten musikariak hartzea egokia zela pentsatu genuen eta Pit Flanagani (Garbayo), Mikel Caballierri (Gatibu) eta Galder Creori (Penadas) deitu nien. Grabaketan demaseko energia sortu zen eta, asko gozatu genuenez, zuzenekoak eskaintzea zoragarria izango zela pentsatu genuen.

 

Denbora asko zeneraman proiektu pertsonalarekin aurrera egiteko gogoz?

Abestiak betidanik egin izan ditut. Adibidez, ‘Jardín infierno’ taldearen lehen bi diskoetako letrak nireak ziren, baita ‘Porco bravo’-ren lehen diskoko letra asko ere eta, gero, beste eremu batzuk esploratzen ibili izan naiz: Doctor Deseorekin biran, kontzertu akustikoak Tororekin… Denbora neraman rocka egin nahian, baina beti amaitzen nuen beste bide batzuk jorratzen. Orain dela hiru urte inguru musika laga nuen, baina etxean abestiak konposatzen jarraitu nuen. Musika munduko jendeak esaten zidan abestiek oso itxura ona zutela eta grabatu egin behar nituela. Ez nuen asmo handirik, baina grabatzen hasi, abestiek rock kutsua zutela ikusi eta, lehen esan dudan bezala, beste musikari batzuei deitu behar niela ikusi nuen, banda bat sortuz. Abestiak niretzat egiten hasi eta azkenean eginkizun honetan sartu nintzen.

 

Taldea sortu ondoren, beste taldekideek ere ekarpenak egiten dituzte?

Abestiak gitarrarekin sortzen ditut. Normalean hiru akorde izaten dira, nahiko oinarrizkoak, eta melodia eta letra sortzen ditut. Gero, abestiak taldeari erakusten dizkiot eta, adibidez, bateriak punk kutsua izan behar duela esaten diet, gitarra heavya izatea komeni dela edo dena delakoa. Abesti bakoitza nolakoa izan behar den pentsatuta izaten dut, baina elkartzen garenean gurea den soinu propioa sortzen da. Gainera, musikari handiak direnez, bakoitzak bere moldaketak egiten ditu. Oso jarduera arina da gurea, gauza askotan egiten dugulako bat.

 

Bestalde, zuzenekoetan Joseba B. Lenoir dabil zuekin ezta?

Bai, zuzenekoetan dabil eta laster irtengo den beste proiektu bat dugu esku artean. Hala ere, orain bere proiektuan dabil buru-belarri eta ezin izan zen Bergarako kontzertuan egon. Orduan, ‘Zuloak’ taldeko Ainhoa Unzueta gitarra-jolea egon zen Bergaran bere partez. Beste musikariak ere beste proiektu batzuetan dabiltza eta batek ezin badu etorri, beste bat etortzea da gure asmoa. Aberasgarriagoa izango da horrela.

 

Nolako diskoa da ‘The Belly’?

Azken urteotan, abestiak grabatzen nituen neurrian YouTubera igo izan ditut. Badaude gitarrarekin egindako abestiak, pianoarekin, Joseba Irazokirekin egindako sehaska-kanta bat… Baina abesti rockero hauekin diskoa grabatu behar nuela ikusi nuen. Bestetik, bandako musikariak hain onak direnez, ez nuen ekoizpen-lan handirik egin nahi. Guztiok batera jotzen grabatu nahi izan dut diskoa, lehen egiten zen bezala. Zerbait freskoa lortu nahi nuen, gure benetako soinua jasotzen duen diskoa. Asteburu batean grabatu genuen.

 

Beraz, zuzenekoetan entzuten duguna eta diskoaren soinua nahiko antzekoa da?

Bai. Eszenatokiko animali basatiak gara. Gainera, guztiok bide luzea egin dugu musikaren munduan, eta gauza biak nahastuz, jarrera basatia eta esperientzia, zuzeneko basatiak izaten dira. Hala ere, musika erraietatik irten arren, oso zaindua da.

 

Taldeak lehen pausoak ematen dituen arren, Azkena Rock jaialdia jotzeko aukera izango duzue. Gogotsu?

Demaseko gogoa dugu! Gure lehen kontzertuak oihartzun handia izan zuen eta Diario Vasco, El Correo, Mondo Sonoro, Ruta 66, El Popular Magazine eta beste hainbat hedabidetan eman zuten horren berri. Orduan, Azkena Rockekoek deitu ziguten bertan jotzeko eta gu oso pozik. Urriaren 1ean joko dugu, Loquillorekin batera. Pentsa, gure lehen kontzertua BBK aretoan eskaini genuen, publiko mugatuarekin, eta Bergaran jende dezente egon zen, baina ez zen oso areto handia, eta orain Iradier Arenan joko dugu, eszenatoki handi batean eta jende askoren aurrean. Gozamena izango da!

 

Eszenatoki eta areto handia izanda, zuentzako fabore?

Bai, eztanda egiteko gogoa dugu! Gure musika ez da areto txikietan jotzeko aproposa, zabaltzeko beharra du, eta Azken Rocken izango dugu horretarako aukera.