‘Viteritarrak’ liburua hilaren 17an aurkeztuko dute

‘Viteritarrak’ liburua hilaren 17an aurkeztuko dute
ETA KITTO 2022, Abe 12

Isaac, Javier eta Alberto Saenz de Viteri medikuen inguruan liburua idatzi du Antxon Narbaiza Azkuek eta zapatuan aurkeztuko dute, 12:00etan, udaletxean. Ekimenean, gainera, Ziriako Agirre Errasti medikuak hartuko du parte eta Udalak Txopitea eta Pakea saria emango dio.

Narbaizak idatzitako liburuak sendagintzan jardun duten hiru mediku-belaunaldiren historia islatzen du, “zeinek medikuntza-lana herritarrentzako zerbitzutzat hartuta, egiten zuten lanari aparteko garrantzirik emateke jardun zuten”, Ego Ibarrak ohar batean dioenez.

Isaac Saenz de Viteri Cortazar izan zen medikuntzan jardun zuen lehena. Eskoriatzan jaioa zen, baina 1913ko apirilaren 20an Eibarko mediku titular izendatu zuten. Ego Ibarra dioenez: “Julio Sarasuak, Eibar aldizkarian argitaratutako artikulu batean zioen On Isaac benetako instituzioa zela gure herrian, erreferentzia bat, eta eskoriatzarrak Eibarren egindako lehen urratsak zekartzan gogora, Eibar kale estuko, etxe iluneko eta jende gutxiko herria zenean. Sarasuak zioen  Isaac Viteri eta Ziriako Aguirre medikuek jakin izan zutela ikasitako zientzia beste metodo enpirikoago batekin batzen eta ondo asko ezagutzen zituztela biek familien joerak eta ahuleziak”. Isaac Saenz de Viteri 1973an hil zen, 85 urterekin, medikuntzan 52 urtez jardun ondoren (horietako 42 Eibarren).

Javierrek aitaren bidea jarraitu zuen medikuntzan eta, bere sasoiko kronikek diotenez, ez nuen neurririk dedikazioari dagokionez. “Marka guztiak hautsi zituen etxeko bisitetan (erakundeetan eta fabriketan egiten zuen lana alde batera utzita), eta horrela egunero, urte askoan”, dio Ego Ibarrak.

Javier Saenz de Viteri 1976an hil zen, 51 urterekin, eta bere seme Albertok hiru urte geroago ekin zion mediku-lanari, Deban, 1979an. Urte berean, abenduan, Eibarrera etorri zen Alfako mediku gisa lan egitera eta, gero, Orbean eta Grupo Danobat enpresetan ibili da. Gainera, kontsulta pribatua eskaini du, orain dela gutxi erretiroa hartu duen arte.

viteritarrak

Txopitea eta Pakea Ziriako Agirre Errastiri

Liburuaren aurkezpen ekitaldian beste mediku eibartar batek hartuko du parte, Ziriako Agirre Errastik, eta Udalak Txopitea eta Pakea saria emango dio ibilbide profesional bikainagatik eta Eibarko herriaren izena zabaltzeagatik.

Agirre Errastik Barne Medikuntzaren arloa ospe handienetako sendagileetako bat da, EHUko Medikuntza Fakultateko Patologia eta Klinika Medikoetako katedraduna eta Bilboko Gurutzetako Ospitaleko Barne Medikuntzako Zerbitzuburua 1972tik hona. Gainera, Espainiako Barne Medikuntzako Elkartearen ohorezko lehendakaria da (1998az geroztik), International Society of Internal Medicine-ko kide, eta Barne Medikuntzako Batzorde Nazionaleko partaide.

Ego Ibarrak dioenez, “mundu osoan ezagunak diren hainbat zientzia-argitalpen idatzi ditu, ikastaroak, mintegiak eta udako ikastaroak zuzendu eta eman ditu estatuko zein nazioarteko unibertsitate askotan, eta 20 doktore-tesi baino gehiago gidatu ditu”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »