Ximun Fuchs, antzerki-zuzendaria: “Euskal Herrian ez da drogaren egiazko auzirik egin”

Ximun Fuchs, antzerki-zuzendaria: “Euskal Herrian ez da drogaren egiazko auzirik egin”
2020/03/18 eta kitto!
‘Errautsak’, ‘Hamlet’ eta ‘Francoren bilobari gutuna’ antzezlanek zabaldutako bide arrakastatsua jarraitu eta ‘Zaldi urdina’ antzezlana sortu dute Axut, Dejabu eta Artedrama konpainiek. Drogak Euskal Herrian utzi duen arrastoa eta gaur egun duen eragina irudikatzen du Unai Iturriagarekin eta Igor Elortzarekin idatzitako eta Ainara Gurrutxagak eta Ximun Fuchsek zuzenduriko obrak. Atzo Coliseoan emanaldia eskaini behar zuten, baina egoera honen aurrean, ezin izan zen. Dena den, Ximun Fuchsekin egoteko aukera izan genuen barixakuan kaleratu genuen alean.


 

- Nola landu duzue drogaren gaia ‘Zaldi urdina’ antzezlanean?

Justo Arriolaren ‘A los pies’ del caballo’ liburutik abiatu zen antzezlanaren ideia. Drogaren gaia oso garrantzitsua izan da eta da oraindik Euskal Herrian, droga nahiko erraz lortu daitekeelako hemen. Euskal Herrian gertatu den azken sarraski inportanteena izan da. Milaka pertsona hil dira drogen eta albo ondorioen eraginez, eta gai hori motxilan eramaten dute familiek oraindik. Gai hau gure artean aipatu genuenean, inguruko hainbat lagun ukitu zituela ikusi genuen. Beraz, gaia familien motxiletatik ateratzea eta gizartean konpartitzea nahi izan dugu.

- Drogen errealitatea gordina da, baita antzezlana ere?

Antzerkia modu sinbolikoan eta estetikoan kontatzen da. Drogen errealitatea gordina da, noski, baina jendeak drogekin momentu oso onak pasa dituela esango nuke. Droga gordina eta gogorra da, pozoi bat delako, baina norberaren pentsaera eta poza irekitzeko, errealitatetik askatzeko edo izarrak besarkatzeko ate bat da baita ere. Kultura guztietan betidanik kontsumitu da droga. Droga arazoa izan da Euskal Herrian (80. hamarkada heroinarekin), baina baita beste toki batzuetan ere (Amerikako indiarrentzat alkoholarekin, Opioaren Gerrak...). Kontua da gure herrian droga gazteria suntsitzeko sartu zutela eta belaunaldi bat suntsitu zuen. Euskal gatazkaren kontakizuna egitenen denean sekula ez da aipatzen kontu hori.

- Drogarekin harreman estua izan dugu Euskal Herrian, baina ezkutuan edo itzalpean geratu den arazoa da?

Sasoi batean oso arazo nabarmena izan zen, droga ia edozein tokitan kontsumitzen zen, baina familiek isilean eraman duten arazoa izan da. Euskal Herrian ez da drogaren egiazko auzirik egin eta ez dakit inoiz egingo den. Gai honekin hasi ginenean familiei esan nahi izan genien hau guztia ez zela euren ardura soila, gizarte osoaren baizik, eta gizarte bezala erantzukizuna dugula. Euren osaba, anaia edo alaba ez da arazo horretan galdu bera soilik galdu delako, nahita gertatu da modu antolatu eta adostu batean.

- Antzezlan hau sortzeko ‘Errautsak’, ‘Hamlet’ eta ‘Francoren bilobari gutuna’ antzezlanetan erabilitako formula bera erabili duzue Axut, Dejabu eta Artedrama konpainiekin, eta Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariekin. Nola moldatzen zarete?

Orain dela hamar urte hasi zen gure arteko elkarlana euskal antzerki bat diseinatzeko, asmatzeko eta eraikitzeko asmoz. Euskal Herri guztian ibiliko den, euskal herritar guztiak bilduko dituen eta bakoitzak bere lekutik bere aberastasun guztiekin egindako euskal antzerkia egin nahi genuen. Pixkanaka publikoarekin batera zerbait eraiki dugu, publikoaren konplizitate gabe ezin delako horrelako mundu bat eraiki.