Yasmin Soud, musikologoa: “Ikasketak maila profesionalera eramateko aukera izan dut”

Yasmin Soud, musikologoa: “Ikasketak maila profesionalera eramateko aukera izan dut”
2022/10/21 eta kitto!
Eibartarra izanda, Yasmin Soudentzat berezia da San Andres elizako organoaren zaharberritze prozesuan parte hartzea. Bere kasuan, gainera, norabide biko jarduera izan da. Izan ere, batetik, herrian dugun altxor horri bizitza berria eman dio; eta bestetik, bere tesia garatu ahal izan du.

 

Zergatik erabaki zenuen tesia San Andres elizako organoari buruz egitea?

Musikologoa eta kultura bitartekaria naizenez, Euskadiko ondare kulturala goraipatzen laguntzen duten proiektuak garatzeko interesa nuen. Horrela, Itziar Larrinagak Sergio del Campo Olaso organogilearekin martxan zuen proiektu batean parte hartzeko gonbitea egin zidan. Ni eibartarra izatea eragingarria zen, banekielako proiektu hau gauzatzeko baliabideak zeintzuk ziren. Gainera, proiektu honek nire ikasketak maila profesional batera eramateko aukera ematen zidan. Diziplina arteko proiektu honen helburuetako bat Eibarko ondarearen inguruan hezkuntza sustatzea da, arte diziplina ezberdinen artean komunikazio-sarea sortuz eta, horrela, kolektibo guztien gaitasunak indartuz ondarearen balioak transmititzeko orduan.

Nolako lana egin duzu tesian?

Tesia Musikenek antolatzen duen Musikaren Bitartekaritza, Kudeaketa eta Sustapena izeneko masterraren proiektu bat da. Ikerketa eta akzio jarduera izan da eta parrokiako organoaren zaharberritzea izan du ardatz. Hezkuntza ez formalaren eremuari zuzenduriko hezkuntza programa da, eta Eibarko organoaren eta organeriaren balioa eta ezagutza sustatzea du helburu. Bitartekaritzaren bitartez herritarrak kulturaren balioan hezitzea lortu nahi da eta, era berean, ondare musikalera gerturatuz kolektibo berriak sortzeko ereduak eskaintzea.

Erakusketan zer saiatu zarete islatzen?

Erakusketaren edukiari ikuspegi didaktikoa eta pedagogikoa ematen saiatu gara, komunitateari ondare kulturala babesteko balioak igorri nahian. Hau da, zainketaren inguruko kontzientzia sortzea eta herritarrei ondarearen garrantziaz komunikatzea bere iraunkortasuna ziurtatu asmoz. Ondare kulturalari buruzko ezagutza modu positiboan txertatzen eta ondarearen inguruko ohitura berriak sortzen saiatu gara. Horrela, ondare kulturalarekiko begirada ezberdin bat ematen ahalegindu gara ikuspuntu sortzaile eta dibertigarri batetik. Arte erabilgarriaren ideiatik abiatu gara ondare kulturalarekin erlazionatzeko beste modu batzuk sustatuz.