Ylenia Baglietto, aktorea: “Maiteren pertsonaiarekin jendea laguntzen ari naizela konturatu naiz”

Ylenia Baglietto, aktorea: “Maiteren pertsonaiarekin jendea laguntzen ari naizela konturatu naiz”
2020/05/29 eta kitto!
Itxialdian bizilagun izan dugu Ylenia Baglietto, ETB 1eko ‘Etxekoak’ telesail berrian ikusi dugu-eta. Momentu gozoa bizi du Yleniak. TVE-1 kateko Acacias 38 telesailean egiten duen Maite Zalduaren paperak mundu mailako ospea eman dio, eta LGBT ikur bihurtu da, Maite eta Caminoren arteko maitasun istorioak muga guztiak gainditu ditu-eta.

 

Itxialdian ere ez duzu atseden hartzeko denborarik izan?

Orokorrean lan asko egiten dut, baina uste dut are lan gehiago egin dudala itxialdian. Elkarrizketa asko egin ditut, Instagrameko zuzenekoak, ‘Etxekoak’ telesaila, castingak… Egunero agenda begiratzean ezin nuen sinetsi hainbeste gauza egin behar nituenik (barreak).

 

‘Etxekoak’ edo castingak egiteko zuk izan duzu makillatzeko, grabazioa prestatzeko eta grabatzeko ardura. Nola moldatu zara?

Ni ez hain gaizki, baina imajina Kandido Uranga bere burua makilatzen (barreak). ‘Etxekoak’ demaseko esperimentua izan da. Mugikorrarekin geure burua grabatu behar genuen. Hasieran oso arraroa zen. Antzezteko modu berri bat ikasi dugu eta saioak arrakasta izan du. Beraz, oso pozik gaude.

 

Itxialdia egun batetik bestera hasi zen, eta itxialdiari buruzko telesaila asmatu eta egiteko gai izan zarete. Nola mugitu zarete hain azkar?

Pausokak EITBri ‘Etxekoak’ egitea proposatu zionean oso ideia ona iruditu zitzaion, aktualitateko gauzak kontatzen zirelako. Egunero gauza berriak sartzen joan gara, aktualitateari lotuta. Publikoa telesailarekin identifikatuta sentitu da, bere burua bertan islatuta ikusi duelako. Horregatik funtzionatu du.

 

Itxialdia amaituta, ekitaldi kulturalak egiteko aukera dago. Baduzu proiekturen bat esku artean?

Datorren astean Madrilera noa Acacias 38 telesaila grabatzera. Oso ezberdina izango da, protokoloak jarraitu beharko ditugulako. Platoan sartzean tenperatura hartuko digute, maskarekin egin beharko dugu lan sekuentzia grabatu arte, bakoitzak bere makillajea edukiko du besteekin ez partekatzeko, ekipo gehiago egongo dira, zapatuetan ere egingo dugu lan…

 

Hitzartuta zenuen proiekturen bat bertan behera geratu da koronabirusarengatik?

Bilboko Arriaga antzokian Bertold Brechen ‘La boda de los pequeños burgueses’ antzezlana egin behar nuen maiatzean, baina esan digute ez dela egingo. Bestetik, ekainean pelikula bat egin behar nuen, baina noiz hasiko den zain nago eta badirudi atzeratu egingo dela.

 

Momentu polita bizi duzu Acacias 38 telesailean. Nola bizi duzu lortutako ospea?

Momentuz lasai bizi naiz, baina egia da mundu mailako fenomenoa dela. Esnatzen naizenean mundu osoko jendearen mezuak jasotzen ditut sare sozialen bitartez. Hala ere, kalean ez dut sare sozialetan ikusten den fan fenomenoa bizi.

 

Maite Zaldua ez da edozein pertsonaia. Nolakoa da?

Maiteren sasoian lesbiana izatea oso gogorra zen eta hori kontatzen dugu. Telesaila XX. mende hasieran kokatzen da, Maite oso librea da, langileen eskubideak aldarrikatzen ditu… Gizarte tradizional hartan jendeak ez zuen Maite ulertzen eta lesbiana dela jakitean, pentsa. Aldi berean, gaur egungo emakume lesbiana asko Maiterekin identifikatuta sentitzen dira, emakumea edozein pertsona maitatzeko libre izan daitekeela sentitu nahi dutelako. Nik maitasun librea aldarrikatzen dut eta pena da gaur egun, oraindik ere, horrelako pertsonaiak behar izatea.

 

Nahiz eta fikziozkoa izan, jendeak erreferenteak behar ditu?

Guztiz. Gure gizartean nahiko onartuta daude sexu bereko pertsonen bikote harremanak, baina Hego Amerikan, adibidez, ez hainbeste. Egunero kontatzen dizkidaten istorioak gogorrak dira eta emakume askok egoera zailak bizi dituzte. Toki askotan kartzelan sartzen zaituzte homosexuala izategatik.

 

Berezia da horrelako pertsonaia bat antzeztea?

Maiteren pertsonaiarekin jendea laguntzen ari naizela konturatu naiz. Kulturak mundua mugitzen duela esaten da,  eta nik orain neure azalean bizi dut hori.

 

Nolabaiteko ardura sentitzen duzu Maiteren papera egiteagatik?

Elkarrizketa asko egiten ari naiz, gai honi buruz berba asko egiten… Zaleak asko zaindu nahi ditut, eurek asko zaintzen nautelako. Niretzat oso garrantzitsua da eurek sentitzea ni hor nagoela, askorentzat Maite naizelako, ez Ylenia. Ylenia moduan Maiteren gauza asko defenditzen ditudala eta aldarrikatzen ditudala erakutsi nahi diet. Maiterekin oso identifikatuta sentitzen naiz, nire pentsamoldea Maiterena bezain librea delako.

 

Antzerki, pelikula, telesail eta bestelako lan ugari egin dituzu. Zure ibilbidea errepasatzeko astirik izan duzu?

11 urte daramatzat aktore izatetik bizitzen eta hori zen nire ametsa aktore eskolan nengoenean. Hortik bizi nahi nuen, nahiz eta hala-nola izan, eta 11 urte daramatzat ondo bizitzen, oso pozik, asko ikasten, jende asko ezagutzen eta oso gauza positiboak jasotzen.