Zapatuan ez da zinerik egongo Coliseoan, “Goazen 7.0” ikuskizunak antzokia egun osoan erabiliko duelako

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
Zapatuan ez da zinerik egongo Coliseoan, “Goazen 7.0” ikuskizunak antzokia egun osoan erabiliko duelako
ETA KITTO 2021, Urt 14

Zapatuan egun osoan erabiliko dute Coliseo antzokia “Goazen 7.0” ikuskizunerako eta, hori dela eta, ezin izango dute ohiko zine emanaldirik eskaini. Izan ere, ETB-ko telesaileko aktoreak protagonista dituen ikuskizunaren hiru funtzio  antolatu dituzte (12:00etan, 15:00etan eta 17:00etan).

Bestalde, bihar gure lurraldeko hainbat zinema-aretotan estreinatuko duten “Elfkinak” filma domekan emango dute Coliseoan. Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren bidez ailegatuko zaigun pelikula Ute Von Münchow-Pohl zuzendariarena da. Haurrentzako animazioko pelikula alemaniarra da, eta 200 urte baino gehiago dituen Koloniako kondaira ospetsua berreskuratzen du. Zinema Euskaraz programaren barruan 2021ean estreinatuko den lehen filma da. Honekin, Zineuskadik jarraipena emango dio euskal ikus-entzunezkoen sektorea suspertzeko konpromisoari. Izan ere, kontuan izan behar dugu sektore honi COVID-19aren pandemiak gogor eragin diola. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak pelikulak bikoiztea bultzatzen du haur eta gazteentzat, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Hortaz, Zinema Euskaraz programak zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko xedea du, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz.

“Elfkinak” filmarekin batera, beste hauek osatzen dute asteburu honetarako Coliseoko karteldegia: “Deseando amar” (Wong Kar-Wai), “Perfumes” (Gregory Magne) eta “Salvaje” (Derrick Borte).

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »