Zer egitekorik ez da falta izango Aste Santuan

Zer egitekorik ez da falta izango Aste Santuan
2023/04/01 eta kitto!
Aste Santua dator eta, ziur aski, eibartar askok herritik joateko aprobetxatuko dute beste toki batzuetan oporrez gozatzeko. Badira, ostera, egunok herrian pasako dituzten eibartarrak eta, hemen eta inguruan dagoen eskaintza ikusita, ez zaie plan ezberdinak egiteko aukerarik faltako.

 

Jaiegun hauetarako proposatzen dizuegun lehen plana egiteko ez zarete Eibartik irten beharko. Izan ere, 2021eko udan hasi zuten ekimenarekin jarraituz, herriko historia ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko ditu Udalak Aste Santuan, Nerea Alustiza historialariaren eskutik. Bisitak apirilaren 6an, 7an, 8an eta 10ean egingo dira, 18:30etik 20:00etara, eta doakoak izango dira. 6ko, 7ko eta 10eko bisitak gazteleraz egingo diren bitartean, 7koa euskaraz egingo da.

Ibilaldia Eibarko garapen industrialean oinarrituko da, eta horren bidez azalduko da herriaren bilakaera. Bisitetan, Alustizak Eibar orain dela 100 urte nolakoa zen ulertzeko irudiak erakutsiko ditu eta gaurdainoko garapen historikoa azalduko du, Eibarko industriak edo gure herriak II. Errepublikaren aldarrikapenean izan zuen papera ahaztu gabe.

Ibilaldia Estazino kaleko trengeltokian hasiko da eta, Ariel etxea, Krutzetaneko etxea, Ayerbeneko etxea (Casino Artista Eibarres-arekin edo iturriarekin), Errebal kalea, San Agustin, Bidebarrieta, Txirio kalea eta Fermin Calbeton kalea ezagutu ondoren, Untzaga plazan amaituko da, udaletxearen aurrean.

Bisitak doakoak izango diren arren, izena eman beharko da www.eibar.eus/bisitagidatuak webgunean agertzen den formularioa betez edo Udalera telefonoz deituz (08:30etik 15:00etara). Izena emateko epea apirilaren 5era arte egongo da zabalik. Bisita bakoitzean, gehienez ere, 15 lagunek hartu ahal izango dute parte eta, muga hori bete ondoren, izen-ematea itxi egingo da.

 

Euskaraz irakurri eta jolastu

Oporrak etxean gozatu nahi dutenentzat, Juan San Martin Liburutegiak familian euskaraz jolasteko eta irakurtzeko gida prestatu du. Gida Udalaren webgunean aurkitu daitekeeta, bertan, haur txikienetatik hasita 12 urtetik gorakoentzako gomendioak aurkitu daitezke.

 

Dolmenen ibilbidea

Eskualdera begira jarrita, hainbat irteera egiteko aukera dago Debabarrenean. Hemendik oso hurbil dugu, adibidez, Dolmenen Ibilbidea (PR-Gi 94) eta hura ezagutzeko hamabi bisita gidatu eskainiko dituzte. Lehenengoa apirilaren 9an egingo da (euskaraz), bigarrena 14an (gazteleraz), hirugarrena maiatzaren 7an (euskaraz), laugarrena 21ean (gazteleraz) eta hurrengoak aurrerago (www.debabarrenaturismo.com webgunean daude jarrita data guztiak).

Ibilbide gidatuak 9 kilometro ditu, Karakatetik hasita Irukurutzetaraino (joan-etorria) eta lau ordu inguru behar dira hura egiteko. “Edertasun handiko paisaiak zeharkatzen dira ibilbidean eta balio arkeologiko handiko interesguneak aurki daitezke bertan”, diote antolatzaileek. Horrela, mendilerroan historiaurreko monumentu ugari dago, hala nola, Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak, trikuharriak eta zutarri bat. Antzina, Dolmenen Ibilbidea Deba eta Urola ibaien bailaren arteko igarobidea zen; gaur egun arrasto anitz aurki daitezke bertan. Ibilbidea erraza eta malda gutxikoa da, familian egiteko aproposa.

Bisitak Karakateko aparkalekutik ateratzen dira, goizeko 10:00etan. Bisitaren prezioa helduentzat 5 eurokoa izango da; 12 urtetik beherakoentzat, aldiz, 3,5 euro. Mendian ibiltzeko arropa, oinetako egokiak, ura eta jateko zerbait eramatea gomendatzen dute. Eguraldiaren arabera, txapela, eguzki-krema edo eta txubaskeroa kontuan hartu beharko dira.

 

Geoparkeko irteerak

Geoparkeak, bere aldetik, eskaintza zabala prestatu du Aste Santurako. Bihar, adibidez, sei irteera egiteko aukera egongo da. Batetik, ‘Irteera geologikoa’ delako ekimena dago, 10:15etik 13:30era (gazteleraz). Txangoa Zumaiako turismo bulegotik hasiko da eta Geoparkearen sekretuak ezagutzeko balio du, oinez lehendabizi eta itsasontziz gero. Gidari espezializatu batek geologoen jardueraren berri emango du eta harkaitzetan jasota gelditu diren hainbat gertakari ulertzen lagunduko du, hala nola dinosauroen desagerpena eta klima-aldaketak.

‘Flyscha, begirada batean’ itsasontzi-ibilaldiarekin Deba-Zumaia biotopo babestua ezagutzeko aukera egongo da, 11:30ean (euskaraz), Zumaian hasita. Bertan flyscharen labar ikusgarria ezagutu ahal izango dira, 50 milioi urtetik gorako historia daukatenak.

Beste aukera bat Zumaiako Algorri hondartza ezagutzeko txangoa egitea da. Itsas irteera labur honek Geoparkeko kostaren edertasuna erakusten du; batez ere, Zumaiako flyscheko gune ikusgarrienak.

Flyscha hobeto ezagutzeko, ‘Flyscharen ibilbidea’ izeneko irteera proposatzen du Geoparkeak. Horretarako, joan-etorriko nabigazioa egingo dute Zumaia eta Mutriku artean, Debatik pasatuz, Geoparkeko kosta ikuspegi geologikotik eta kulturaletik ezagutzeko.

Mutrikun Nautilus Ikasgune Geologikoa bisitatzeko aukera dago, bertan dagoen amonite-fosilen bildumaz gozatzeko. Ondoren, barkuan Saturraran hondartzara joango da txangoa, bertan kostalde honetako flysch beltza agerian baitago.

Mutrikutik mugitu gabe, ‘Zazpi hondartzak’ izeneko irteera egiteko aukera dago. Bertan, itsasontziz irtengo dira flysch beltzaren labarrak ezagutzera Mutriku eta Saturrarango hondartzen artean.

‘Mutriku marinela’ izeneko irteerarekin kostako hirigune historikoa ezagutzeko aukera egongo da, bertako etxe nabarmen eta jauregiekin. Eta ez da urrun joan behar beste irteera batez gozatzeko, Mutrikuko olatu planta bisitatzeko aukera ematen baitu Geoparkeak. Bertan dago olatuen energia aprobetxatzen duen munduko lehen planta komertziala, 2011n sortua. Bisita gehiago ezagutzeko, geoparkea.eus webgunean aurkitu daitezke.

 

Berdel Eguna

Bisitak egiteaz gain jaiaz gozatzeko gogoa edukiz gero, Mutrikun bertan egongo da aukera bihar bertan. Izan ere, Berdel Eguna ospatuko da eta egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako.

Goizean haurrentzako arrantza tailerrak, belauntzien arteko txapelketa, merkatu txikia (Mutrikuko eta Debabarreneko ekoizleekin), artisau eta sortzaileen azoka, herriko abesbatzen kontzertua, berdel pintxo dastaketa eta trikitilariak egongo dira. Gero, 17:15ean, Berdel Eguneko lehiaketa egingo da eta, egunari amaiera emateko, Belarri Fuckers eta Delirium Tremens taldeek kontzertua eskainiko dute.