Zeramika Eskola eskurik onenetan

Zeramika Eskola eskurik onenetan
2021/10/01 eta kitto!
Ia lau hamarkadatan Eibarko Zeramika Eskolaren ardura eduki ondoren, Esther Galarzak Esther Astarloari eman dio lekukoa. Oso ondo ezagutzen dute elkar eta pozik ekin diote bide berriari, erretiroa hartuz Galarzak eta eskolaren gidaritza hartuz Astarloak. Aro berria hasiko da herriko zeramika eskolan, baina ez da apurketarik izango orain artekoarekin alderatuz, Esther biek zeramika antzera ulertzen dutelako







Eibarko Zeramika Eskola 1983. urtean sortu zen eta Esther Galarzak berebiziko papera izan zuen sorrera hartan. “Sasoi hartan ez zegoen ezer”, kontatu digu. “Debako Arte Eskola sortu zenean 870. hamarkadan) han zebilen jendea ezagutu nuen. Zeramika egin nahi nuen, baina sasoi hartan bulego batean egiten nuen lan eta gauez joaten nintzen Debara. Bertan, Asunción Poza ezagutu nuen”, gogoratzen du. “Behin, autoak matxura izan zuen eta auto-stop egin behar izan genuen. Jaso gintuenak esan zigun La Bisbalgo (Girona) zeramika-eskolan egon zela eta, orduan, eskola horrekin kontaktuan jarri ginen Asun eta biok”, diosku. Uda horretan bertan Kataluniara joan ziren Poza eta Galarza, eta hor hasi zen pizten zeramikarekiko pasioa biengan. “Sei ikasturte egon ginen eskola hartan. Hilabete pasatzen genuen han eta, gero, hemen, ikasitakoa lantzen urtean zehar”.

Zeramikari martxa hartu ondoren, bere etxearen azpian tailerra jarri zuen Galarzak eta klaseak ematen hasi zen, baina ez zen erraza izan. “Fabrika baten lan egiten irabazitako diruarekin lortu nuen tailerra sortzea”, diosku. “Zeramikarekiko pasioa nuen eta tailerra behar bezala montatuta nuenean tailerreko lana laga nuen”.

Euskal Herrian urte nahasiak bizi izan ziren 70. hamarkadaren amaieran eta 80.aren hasieran, eta kultur gosea zegoen. Adibidez, Unibertsitate Laboralean zeramika ikastaro batzuk eman zituzten eta Galarza irakasle ibili zen bertan. Eta gero, proiektu potoloago bati ekin zion. “Zeramika klaseak emateko prest negoen galdetu zidan Udalak”, dio Galarzak, “izan ere, demokraziaren etorrerarekin kultura sustatu nahi zuten”.

 

Kultu, Zezenbide, Portalea

Zeramika eskolak Arrate Kultur Elkartean egin zituen lehen urteak eta, gero, Zezenbide kalera pasa zen. “Eskolak indar handia zuen sasoi hartan”, zeramistak dioenez. Urte batzuk geroago, Portaleara pasa zuten eskola, eta ikasle kopurua jaitsi egin zen pixkanaka.

Zeramika Eskolak gorabeherak izan ditu hamarkada guzti hauetan. “Zeramika modan egon zen 80. hamarkadan, denok nahi zuten zeramika egin. 90. hamarkadan, ostera, sua itzaltzen joan zen, eta gaur egun berriz hasi da modan jartzen”, Galarzaren ustez. Eta zergatik dago modan berriz? “Adibidez, sukaldari ospetsuek arreta gehiago jarri diote zeramikari (platerrak, eta abar), gauza ezberdinak bilatu dituzte, zeramika telebistan gehiago azaltzen da eta pertsona famatuek ikusgarri egiten dute, besteak beste”, bere iritziz.

Gauzak horrela, eskola sortu eta 38 urte geroago, Galarzarentzat momentu aproposa da eskola lagatzeko eta Esther Astarloak hartuko du bere tokia. “Lasaitasun osoz eta pozik eman diot lekukoa, ondo ezagutzen dudalako, oso zeramista ona delako, ofizioa duelako eta oso irakasle ona delako”, Galarzaren berbetan.

Esther Galarza Esther Astarloa zeramika eskola88-1 (arrastrado)

 

Ofizioa eta akatsa

Esther Astarloak bide luzea egin du zeramikaren munduan. “Zeramika txikitatik gustatu izan zait”, diosku. Arte Ederrak ikasi zituen, baina zeramika beste ikasgai bat gehiago zen bertan. “Karrera amaitu nuenean hasi nintzen gehiago zeramikaren munduan murgiltzen”, esan digunez. Horrela, zeramika ikastaro bat egin zuen, “intentzio berezirik gabe, plazer hutsez”, eta poliki-poliki ikastaro gehiago egiten jarraitu zuen.

Gironan Ramon Fortekin ikasi zuen, Miguel Molet zeramista ospetsuarekin ikastaroa egin zuen, lau urtez Esther Galarzarekin ikasi zuen Eibarren… baina bizitzako une batean, denbora faltarengatik ezin zenez klaseetara joan, tailer propioa sortu zuen Ibarkurutze kalean. “Labea, buztina eta esmalteak erosi nituen eta gauzak egiten hasi nintzen, baina ez ezer saltzeko helburuarekin, baizik eta esperimentatzeko eta ikasteko”, kontatu digu.

Harrezkero, toki askotan ibili izan da ikastaroak egiten, beti baitago zer ikasi. “Askotan, zeramika eltzegintzarekin erlazionatzen dugu, baina zeramika oso esparru irekia da. Gaur egun gehien interesatzen zaidan zeramika garaikidea da”, diosku. “Zeramikak tradizioarekin lotura du, baina eboluzioa egon da eta gaur egun eltzegintzarekin zerikusia ez duten oso pieza ezberdinak aurkitu ditzakegu; eta nahiz eta pieza batzuek erabilgarritasuna eduki, garaikideak dira”, gehitzen du.

Jakinminak eraman du Astarloa toki batetik bestera. Izan ere, bere ustez, “zeramikak ofizio asko du”. “Ofizioa ondo ezagutzen ez baduzu, ez duzu jakingo materialak zein aukera ematen dizun. Hala ere, ofizioaren barruan gauza asko aurkitu ditzakegu eta ezinezkoa da dena kontrolatzea. Azkenean, zeramista bakoitza arlo jakin batean zentratzen da”, bere iritziz.

Ofizioari garrantzia eman arren, ofizioak baldintzatu egiten duela dio Astarloak eta, zentzu horretan, zeramikak eskaintzen duen kontzeptu bat goraipatzen du: akatsa. “Ofizioa ondo ezagutzeak eta lan asko egiteak teknika hori asko menderatzen duzula ziurtatzen du, baina horrek ez du esan nahi teknika beti izan behar denik nagusi. Teknika menderatzea oso garrantzitsua da eta asko baloratzen dut, baina batzuetan teknikak gehiegi baldintzatzen gaitu. Ondo dago aukerak ematen dizkigun neurrian, baina ez hainbeste aukerak mugatzen badizkigu”, bere iritziz. “Zeramikan akatsaren kontua existitzen da eta garrantzitsua da, espero ez duzun zerbait ematen diolako piezari. Hala ere, denak ez du balio, lana egiten lortzen da hori, baina ezuste-faktore horrek zerbait berezia ematen dizu”.

Esther Galarza Esther Astarloa zeramika eskola91-2

 

Gozatzea eta sormena lantzea

Ikasketa prozesuak Debako zeramika eskolara eraman zuen Astarloa, Marino Plaza zeramista eibartar handiaren albora. “70. hamarkadan, Marino Londresera joan zen eta zeramika egiten hasi zen. Itzuli zenean, Euskal Herrian kolektibo artistiko asko sortzen ari ziren, eta Fernando Beorlegi, Iñaki Larrañaga eta Daniel Txopitearekin Gorutz Taldea sortu zuen. Sasoi hartan ez zegoen Arte Ederren fakultaterik eta momentuko artista nabarmenenak Debako Arte Eskolan elkartu ziren. Eskola esperimental horrek ez zuen denbora asko iraun eta eskulangintzarako zentroa izatera pasa zen”, kontatu digunez. “Marinok irakasle bezala jarraitu zuen bertan eta karrera amaitu nuenean berarekin ikastera joan nintzen”, gehitzen du.

Pare bat urtez Deban ikasi ondoren, Plaza jubilatu egin zen eta Astarloak bere tokia hartu zuen. 11 urtez egon da Deban zeramika irakasten, orain dela pare bat urte eskola itxi egin zuten arte. Orain, Galarza jubilatzen dela jakin duenean, bere burua aurkeztu du Eibarren irakasle izateko eta bere irakasle izandako pertsona baten tokia hartu du, berriz ere.

Eibarko zeramika eskolaren jardunera, ikasleen beharretara eta ezaugarrietara, eta beste hainbat gauzatara ohitu beharko da orain, baina berak dioenez, ilusioz hartu du ardura. Klaseei dagokienez, “teknikak erakusten saiatzen naiz”, baina argi du ikasle bakoitzak bere erritmoa, maila eta nahiak izango dituela. Beraz, hurrengoa planteatzen du: “klasean gozatzea eta norberak bere sormena lantzea”.