‘Ziztadak’ dokumentala eskainiko dute Gaztetxian eguenean

‘Ziztadak’ dokumentala eskainiko dute Gaztetxian eguenean
2021/02/02 eta kitto!
Eibar Librek zineforuma antolatu du ‘Ziztadak’ dokumentalaren inguruan. Saioa Gaztetxian egingo da, eguenean, 18:00ean. “Segurtasun neurri guztiak beteko dira”, antolatzaileek adierazi dutenez.

Orioal Andrés, Carles Castro eta Gemma Garcia dira ‘Ziztada’ dokumentalaren zuzendariak. Filmak gertakari eta pentsamolde sorta erreala biltzen du, eta gure herriaren inguruko hausnarketa sustatu nahi du, bizitzaren, bakearen, indarkeria-eza aktiboaren, herri partaidetzaren, giza eskubideen eta askatasun eta justizia soziala xede dituen aldaketaren alde.

Etxe partikularretan legez kanpo sorturiko lehen ikastoletatik Kukutzara, Lemoizi eginiko oposizio baketsutik Demo mugimendura, elkarrizketaren aldeko apustutik Ipar Euskal Herrian laborantza ganbara gauzatzera. Mugimendu hauen eta beste askoren protagonistek euren aldarrikapenen leku gogoangarrienetara itzuli dira bertatik mugimendu haiei buruz berba egiteko eta indarkeria-ezaren balioaz eta indarraz hausnartzeko.