Zuloagak Arrateko erretaularako margotu zituen lau mihiseak zaharberritu dituzte Arte Ederren Museoan

Zuloagak Arrateko erretaularako margotu zituen lau mihiseak zaharberritu dituzte Arte Ederren Museoan
2021/07/12 eta kitto!
Ignacio Zuloagak Arrateko erretaularako margotu zituen lau mihiseak zaharberritu ditu Bilboko Arte Ederren Museoak, Zuloaga fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta gaur erakutsi dute egindako lan bikainaren emaitza. Azaldu dutenez, margolanek garbiketa sakona behar zuten eta, horrekin batera, kaltetutako zati batzuk ere konpondu dituzte.

Arrateko elizako erretaularako margolan hauek 1904. urtean egin zituen artistak, “Sevillan egindako egonaldirik emankorrenean eta bikainenean”. Dirudienez, Zuloagak berak Ama Birjinari agindu zizkion, Lucia alabaren osasuna hobetzeko laguntza eskatu zionean. Harrezkero, margolanek “gorabehera ugari” izan zituzten eta artistak berak pare bat alditan zaharberritu behar izan zituen. Azken zaharberritzea Espainiako Gerra Zibilean izan zen, koadroak aldaretik kendu eta aldi baterako Bilbora eraman zituztenean.
Orain, Bilboko Arte Ederren Museoan egindako zaharberritze lanari esker, lau mihiseek beraien jatorrizko itxura berreskuratu ahal izan dute. 'Museoko Alfabetoa'-ren O (Otredad) aretoan aurkeztu ondoren, irailaren hasieran jatorrizko tokira, hau da, Arrateko santutegiko aldare nagusira itzuliko dira lau koadroak.