Zuloagaren koadroak berrituta bueltatu dira Arrateko elizara

Zuloagaren koadroak berrituta bueltatu dira Arrateko elizara
2021/09/07 eta kitto!
Arrateko elizako erretaulak irudi berrituarekin hartuko ditu Arrate Egunean bertaratuko direnak. Izan ere, Bilboko Arte Ederren museoak Ignazio Zuloagak erretaularako margotu zituen lau mihiseak zaharberritu ditu, Zuloaga fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Lanak uztailean aurkeztu zituzten, eta Bilbon erakusgai egon ondoren, zapatuan eraman zituzten Arratera.

 

Ignazio Zuloaga margolariaren jaiotzaren 150. urteurrena bete zen iaz eta horren inguruan zenbait ekintza egin dira, tartean Arrateko elizako erretaularako margotu zituen ‘Romeros Orantes I’, ‘Romeros Orantes II’, ‘Romeros Orantes III’ eta ‘Romeros Orantes IV’ koadroen zaharberritzea. “Orain, Bilboko Arte Ederren Museoan egindako zaharberritze-lan luze baten ostean (museoa baita espezialistarik handiena Zuloagaren lana tratatzen eta zaharberritzen), lau mihiseek jatorrizko itxura dute berriro”, diote museokoek.

Zuloagak 1904. urtean margotu zituen lau mihiseak, Sevillan, eta haren nazioarteko arrakasta goiztiarraren oinarri izan ziren zenbait artelanen elementu eta modelo berak dituzte. Margolariak Ama Birjinaren irudia dagoen ganbaratxoaren alde banatan jarri zituen, eta Sortzez Garbiaren tailu gotikorantz doazen erromesen eta otoizgile fededunen eszenak ikus daitezke haietan.

Koadroak Zuloagaren ekimenez margotu ziren 1904an Sevillan egindako egonaldirik emankor eta bikainenean. “Dirudienez, Ama Birjinari hitzeman zion egingo zituela, bere alaba Luciaren osasuna hobetzen bazuen”, Bilboko Arte Ederren museotik esaten dutenez. Hala ere, Mikel Lertxundi Galiana Filosofia eta Letretan doktoreak eta arte-komisario independenteak uztailean koadroen inguruan eskaini zuen hitzaldian aipatu zuenez, Zuloaga alaba gaixotu baino lehenago hasi zen koadroak margotzen. Beraz, “hipotesi horren inguruan zalantzak daude”, bere ustez.

 

Zuloagaren estiloaren erakusle

Lau mihiseak garrantzitsuak dira Zuloagaren lana ezagutzeko, sasoi hartako lanetan bere estiloaren ezaugarri nagusiak atzeman daitezkeelako eta, estilo harekin, nazioarteko figurazioan iraultza eragin zuelako. “Bere artista-dohainez baliatu zen figuren esentzia fisiko eta psikologikoa jasotzeko. Hodei adierazkorren aurrean ageri dira figura horiek, sinbolismoaren eta naturalismoaren arteko erdibidean, eta antzerki-giro nabarmenean. Zuloagak berezkoa duen atzealde-figura binomioaz gain, aipatzekoak dira kolore argitsuak, batez ere urdin, arrosa eta moreak; tonu horiek ohikoak dira Zuloagaren 1903 eta 1905 arteko ekoizpenean, eta bizitasun aparta dute hemen”, diote museokoek.

Margolanek gorabehera asko izan zituzten eta artistak pare bat aldiz zaharberritu behar izan zituen. “Azkenekoz, Espainiako Gerra Zibilean, aldaretik kendu eta denboraldi baterako Bilbora ekarri zituztenean”, museokoek esan dutenez.

 

Obren zaharberritzea

Lau mihiseen zaharberritzeari dagokionez, 2019an egin zituzten ikusizko lehen analisiek agerian laga zuten margo-geruzek aldaketa handiak jasan zituztela. “Hain zuzen ere, koloreak efloreszentzia zurixka nabarmenak zituen, eta horiek multzoaren konposizioa eta kromatismoa eraldatzen zituzten. Degradazioaren azterketa teknikoek berretsi zuten 'orbanen' zergatia saponifikazioko prozesu kimiko bat zela. Olioaren aglutinatzaileko zenbait gantz-azido eta pigmentu batzuetan dauden metal-partikulak elkarrekin konbinatzean gertatzen dira aldaketa horiek; erreakzioa, azkenean, kolore-geruzan azaltzen da, eta xaboiak edo gatz metalikoak eratzen ditu”, azaldu dute Arte Ederretako museokoek.

Horrela egin zuten koadroen tratamendua: “Hasteko, erretaulatik lau margolanak kendu eta museora eraman ziren. Bertara iritsitakoan, azterketa teknikoak egin ziren X izpiak eta erreflektografia infragorria erabiliz, eta agerian geratu ziren obretako bitan izandako konposizio-aldaketak, eta euskarriko eta materia piktorikoko beste eraldatze batzuk. Kalte biologikoa geldiarazi zen anoxia-prozesu baten bidez (hau da, oxigenoa guztiz kenduz, modu kontrolatuan), eta, ondoren, disolbagarritasun-probak egin ziren, gatz metalikoetan, gainazaleko estratuan eta bernizetan esku hartzeari begira. Jarraian, mihiseei tratamendu bat eman zitzaien presio baxuko mahaian, deformazioak zuzentzeko eta materia piktorikoa egonkortzeko. Azkenik, koloreak berrosatu eta bernizak eman ziren”, kontatzen dute.

 

Koadroen inguruko zalantzak

Uztailaren 12an aurkeztu zituzten koadro berrituak Arte Ederretako museoan eta Mikel Lertxundi doktoreak hitzaldia eskaini zuen margolanen inguruan, eta koadroen jatorriaren eta Zuloagaren obraren berezitasunaren inguruan jardun zuen. Doktoreak aitortu zuen bost urteko ikerketa-lana frustragarria izan dela, “ikerketarekin aurrera egin ahala galdera berriak sortzen zirelako eta dokumentazio ugari suntsituta zegoelako”, bere berbetan. Izan ere, arazoak izan dituzte koadroak santutegian jartzeko behar ziren baimenak aurkitzeko, Gerra Zibilean Eibarko parrokiako artxiboa erre egin zelako. Baimenak aurkitu ez arren, Lertxundik Zuloagak idatzitako ezkutitzak aurkitu zituen. “Oso interesgarriak dira, obraren lanketa-prozesuaren datu mamitsuenak aipatzen dituelako”, Lertxundik aipatzen duenez.

Dokumentu faltak zenbait zalantza laga ditu airean koadroen jatorriari buruz. Adibidez, lanak santutegian jarri ziren momentuaren inguruan. “1904ko ekainean ekintza garrantzitsu bat ospatu zen santutegian, baina sasoiko egunkariek ez dute ezer aipatzen koadroei buruz. Ezta urte hartako Arrateko Eguneko kronikek ere”, Lertxundiren berbetan. Bere ustez Zuloagak 1904ko azaroan jari zituen koadroak Arraten. “Sasoi hartan Pedro Sarasqueta kronista santutegira joan zen paseoa egin eta obrak ikusteko, eta hurrengo egunean idatzitako testuan bai aipatzen ditu koadroak”, gehitzen du. Bere iritziz, margolariaren “ekintza intimoa” izan zen koadroak Arrateko elizara eramatea.

Aipatzekoa da, bestetik, koadroak sinadura gabe egon zirela 1924. urtera arte. “Orduan sinatu zituen, Zuloagak koadroak zaharberritu behar zirela pentsatu zuelako”, dio Lertxundik. Gainera, bitxia da baita ere koadroetako figura bakarrak begiratzen diola ikusleari eta Lertxundik dioenez ez dago Zalantzarik Ignazioren aita dela, Plazido. “Gazte ikusten da, Ignazio umea zenean modukoa”, bere berbetan.

 

Ignacio_Zuloaga_Final_2_Antes_Despues Ignacio_Zuloaga_Final_3_Antes_Despues Ignacio_Zuloaga_Final_4_Antes_Despues Ignacio_Zuloaga_Final_Antes_Despues