Lan istripuengatik protesta egiteko elkarretaratzea egin zen atzo Untzagan

Lan istripuengatik protesta egiteko elkarretaratzea egin zen atzo Untzagan
2018/09/13 eta kitto!
Aste honetan izandako bi lan istripuren harira elkarretaratzea egin zen atzo arratsaldean Untzagan, ELA, LAB eta gehiengo sindikala osatzen duten gainontzeko sindikatu eta eragileek deituta. Astelehen goizean Matsariko industrialdean dagoen Alca enpresan oso larri zauritu zen 58 urteko garraiolari bat, kamioian zeraman materiala deskargatzen ari zela altzairuzko xafla bat gainean erori zitzaionean. Zauriak oso larriak zirela-eta, istripua gertatu zan tokitik Ipurua zelairaino anbulantzian eraman zuten larrialdi zerbitzuetakoek eta, han zain zegoen helikopteroan sartuta, zauritutakuoa Gurutzetako Ospitaleraino eraman zuten jarraian. Eibarren ez ezik, egun berean bigarren lan istripu bat gertatu zen Mañarian (Bizkaian). Kasu honetan behargin bati zuhaitz bat gainera erori zitzaion eta hori ere helikopteroan eraman behar izan zuten erietxera.

Sindikatuetako ordezkarien berbetan, “gertatzen diren istripu gehienak sahiesgarriak dira, horretarako neurri prebentiboak ipiniz gero. Izan ere, prekarietatea gainditzeko neurriak hartzen ez diren bitartean eta administrazio publikoak beste aldera begiratzeari lagatzen ez dion bitartean, horrelako gehiago gertatuko dira”.