Markel Alberdi eta Ander Romarate igerilariek nerabeekin bihar egingo den topaketan parte hartuko dute

0    Berriak 
ETA KITTO ETA KITTO
Markel Alberdi eta Ander Romarate igerilariek nerabeekin bihar egingo den topaketan parte hartuko dute
ETA KITTO 2018, Api 16

AGIPAD Drogen abusuaren ikerketa eta prebentziorako gipuzkoar elkarteak eta Orona Fundazioak biharko jardunaldia antolatu dute, nerabeekin batera aisialdi eta kirolaren inguruko hausnarketa bultzatzeko asmoz. “Kirola aisialdi alternatiba eta balioen transmisioa nerabeei” izenburuko topaketa Orona Fundazioaren egoitzan egingo da eta Markel Alberdi eta Ander Romarate igerilari eibartarrek hartuko dute parte.  AGIPADeko Prebentzio Zerbitzuko arduradunarentzat “gazte foro honekin, alde batetik, kirolak aisialdi alternatiba bezala duen funtzioari buruz hausnartu nahi dugu eta kirola egiteak balioak bereganatzeko duen garrantzia, nerabeen heldutasun psikoafektiboa lortzeko”. Zentzu honetan, AGIPADek hezkuntza eta prestaketa planetan heziketa fisikoa eta eskola kirolarentzako arreta gehiago eskatzen du, gazteengan bizimodu aktibo eta osasuntsuak ezartzeko gune egokiak direla behin eta berriro frogatzen delako.

Bi zatitan banatuko da jardunaldia. Lehenengoan, ikasleek Markel Alberdi eta Ander Romarate igerilariak ezagutzeko aukera izango dute, eliteko kirolari bezala duten esperientziari buruz jardungo dira. Bi kirolari eibartarrak erreferenteak dira beraien kirol-ibilbidean: Markel 50 libreko Udako Espainiako txapelduna da, udaberriko Nazionalean 50 libreko brontzea, 100  libretan txapeldunordea eta 100 libretan bere Espainiako errekorra haustea lortu zuen. Ander Romaratek Londres 2012. urteko Joko Paralinpikoetan parte hartu zuen eta bi diploma lortu zituen. Argi dute esperientzia hauek ikasteko balio izan dietela eta MAR-Sharing Values proiektuaren bidez gizarteari erakutsi nahi dizkiete. Bigarren zatia parte hartzaileagoa eta gogoetatsuagoa izango da, eztabaida-taldeak sortuko dira eta partaideek beraien konklusioak aterako dituzte. Markel eta Ander lan-talde guztietatik pasako dira, AGIPADeko prebentzio zerbitzuko teknikari batekin eta honek dinamizatuko ditu taldeak eta ateratzen diren eduki guztiak bilduko ditu, eta azkenik, azken konklusioak aterako dira eta partaide guztien aurrean irakurriko dira.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »