Martxoaren 19an amaituko da Elikagaien Bankuaren aldeko koadro-zozketan parte hartzeko epea

Martxoaren 19an amaituko da Elikagaien Bankuaren aldeko koadro-zozketan parte hartzeko epea
2021/02/03 eta kitto!
Udalak Elikagai Bankuaren esku laga zituen Zuloagaren koadroen kopiak eta Eibarko 27 dendetan daude ikusgai. Ekimen horren helburua Zuloaga pintore eibartarraren lana ezagutaraztea da.

Horrekin batera, lehiaketa bat antolatu eta 100 euroko bonoak banatu ziren erosketak denda horietan egiteko. Abendu amaieran, Udalak Elikagai Bankuen esku laga zituen dendetan jarritako koadroen kopiak, elkarteak zozketa bat egin zezan eta, hala, Bankurako dirua bildu. Hasierako asmoa koadroen zozketa urtarrilaren amaieran egitea zen, baina Elikagaien Bankuak erabaki du txartelak erosteko epea martxoaren 19ra arte luzatzea.

Zozketan parte hartu nahi duenak herriko 27 oihal-denda horietako batera joan eta bertan eskuratu ahal izango du txartela; euro batean daude salgai.

Gipuzkoako Elikagaien Bankua Bergaran eta Oiartzunen ditu egoitza nagusiak eta handik bideratzen du herrietan egiten den banaketa. Urtero egiten diren janari-bilketa eta kanpainez gain, ekonomikoki ere lagundu daiteke banku-transferentzia bidez edo elkartearen web-orrian bertan dagoen link-a estekatuz.