Mendiko hezeguneak ezagutzeko irteera gidatua antolatu du Geoparkeak zapaturako

Mendiko hezeguneak ezagutzeko irteera gidatua antolatu du Geoparkeak zapaturako
2019, Ots 06

Hezeguneen Munduko Egunaren harira, Euskal Kostaldeko Geoparkeak mendi irteera gidatua antolatu du otsailaren 9rako, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin. “Geoparkeko mendiko hezeguneak, bide ondoko oasi ezezagunak” izenburupean, irteerak Geoparkeko mendialdeko hezegune berezi hauen balioa eta onurak eman nahi ditu ezagutzera.

Aranzadi Zientzia Elkarteko bi kidek gidatuko dute ibilaldia, Ion Garin eta Iñaki Mezkita adituek. Anfibioak aztertzen ditu Garinek eta odonatoetan aditua da Mezkita. Itziartik abiatu eta Artutzan eta Urritzuko putzuak eta bertako bioaniztasuna ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Bidean beste putzu batzuk ere ikusiko dituzte.

Jarduera familia osoari zuzenduta dago. Itziarren amaituko da, mokadutxo batekin. Gainera, gazteentzat oparia egongo da. Parte hartzea doakoa da eta azalpenak euskaraz emango dira. Hitzordua goizeko 10:00etan jarri da, Itziarko frontoian. Parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman behar dute izena ingurumena@geoparkea.com helbidera idatziz. Ura eta oinetako eta arropa egokiak eramatea gomendatzen da.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »