Metrologiako kalitate-kontrolerako espezializazio programa berritzailea aurkeztu dute

Metrologiako kalitate-kontrolerako espezializazio programa berritzailea aurkeztu dute
2018/03/05 eta kitto!
Bihar hasiko dira Metrologian graduondokoa ematen Armeria Eskolan eta, eskaintza berriari buruzko azalpenak emateko, aurkezpena saioa egin da gaur eguerdian ikastetxean, Armeria Eskolako Ikasle Ohien lokalean.

Ekitaldian enpresek, ikasleek, erakundeek eta Hezkuntza Saileko ordezkariek hartu dute parte. Aurkezpenean azaldu dutenez, espezializazioa garatzeko, Armeria Eskola sektore horretako bi erreferenterekin elkartu da: Metrologia SARIKI eta automozioko ACICAE klusterrarekin, AIC Academy zentroaren bidez. Ekimena abiatzeko arrazoi nagusia, metrologo kualifikatuak aurkitzeko enpresetan dituzten zailtasunei moduren batean erantzuna ematea izan dela eman dute aditzera. Asmo horrek bultzatuta, eta Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren eta enpresen laguntzaz, heziketa programa hau abiatu dute, txandaketako Dual formatuan. Azaldu dutenez, “ekimenari esker lehen edizio honetan Armeria Eskolako eta IES Barrutialdeko 13 ikaslek metrologian espezializatzeko aukera izango dute. Ikasle horiek Fabrikazio Mekanikoko Goi Zikloa amaitzen ari  dira eta, espezializazioan zehar, ezagutza berria praktikan jartzeko aukera izango dute, dual eran, beka bidez, Bizkaia eta Gipuzkoako 11 enpresatan. Ikasleek 2.000 ordu egingo dituzte guztira, eskolako formazioa eta lantokiko praktikak uztartuta eta, amaieran, Eusko Jaurlaritzaren Heziketa Departamentuak igorritako titulu ofizial bikoitza jasoko dute ikasleek”.

Lehen edizio honetan, ekimenarekin bat egin eta ikasleak euren instalazioetan formatzeko zein programaren kostuetan laguntzeko konpromisoa hartu duten enpresak hauek izan dira: Igorreko Batz sozietate kooperatiboa, Atxondoko Fuchosa S.L, Eibarko Mim Tech Alfa S.L., Itziarko Ayra Cardan Spicer, Wind Energy Components (WEC taldea) eta Jegan S.A.L., Mendaroko Egile Corporation XXI, Ermuko Talleres Mecánicos Imag S.A., Engranajes Grindel S.A.L., Elgoibarko Metrología Sariki S.A. eta Zestoako Punteados de Precisión Goialde.

Aurkezpen ekitaldian adierazi dutenez, “hainbat azpisektorerentzako programa da, beste zentro eta enpresekin elkarlanean diseinatua eta garatua. Erronketan, talde lanean eta ikasleen konpetentzietan oinarritutako metodologia berritzailea da”.

armeria metrologia 00 armeria metrologia 05 armeria metrologia 10 armeria metrologia 16