Oier Araolaza: “Munduaren konfigurazioa aldatzen ez dugun bitartean, nekez saihestuko dugu horrelako beste pandemia bat”

Oier Araolaza: “Munduaren konfigurazioa aldatzen ez dugun bitartean, nekez saihestuko dugu horrelako beste pandemia bat”
2021/03/12 eta kitto!
Ikasketaz kazetaria eta antropologoa den arren, Oierrek bere burua dantzari gisa identifikatzen du. Hala ere, elkarrizketa honetan antropologo ikuspegitik ematen du azken hamabi hilabete hauetan zehar bizi izandakoaren inguruko iritzia, gizakiaren jarreretan azpimarra eginez.

Zer iritzi duzu jendearen hasierako jarrerari buruz?

Lehen olatu edo sarrera horren erantzunei erreparatuta, esango nuke badagoela ezin sinistuzko erreakzioa: hau benetan gertatzen ari den kontua da edo hainbestetan ikusitako fikzioetako beste bat? Berehala hasi gara ikusten pandemian zehar nabarmendu diren jarrera batzuk, orain sortu ez direnak, baizik eta lehendik zeudenak, indartu egin direla. Jarrera nabarmenetako bat indibidualismoa izan da, izan ere, indibidualismoa da azken hamarkadetan gure gizartean areagotzen ari den jokamoldea, eta esango nuke pandemia honek kasu batzuetan indartu eta azaleratu egin duela hori: lehengaiak agortzea, supermerkatuak hustea… Beldurra izan da nagusi, eta beldur horren erantzun indibiduala areagotu da.

Nolako garrantzia izan dute hedabideek konfinamendu garaian?

Pandemia honek krisi sakon batean harrapatu ditu medioak. Formatu tradizionalek sekulako gainbehera izan dute azken urteotan (telebista, prentsa idatzia…), eta belaunaldi berriak beste komunikazioeredu batzuetara oso erraz lotzen dira, sare sozialetara, esaterako. Lehia esparru eta krisi sakon horrek bete-betean harrapatzen ditu hedabideak pandemia garaian. Horren aurrean neurri batean komunikabideek arnasa hartzen dutela esango nuke, geldialdi honek ekimena berreskuratzen laguntzen dielako, berriz ere mapan agertzen hasten direlako lehen baino indar handiagoarekin. Bestetik, zalantza sortzen zait medioek entretenimendura jo behar ote duten bizirik jarraitzeko edo informazioak oraindik balio dezakeen sistema kapitalista honetan bizirik irauteko.

Zein tratamendu eman diote hedabideek hilabete hauetako egoerari?

Sinesgarritasunaren kontua ere bete-betean sartzen da hemen; izan ere, medioen sinesgarritasuna auzitan jartzen da interes komertzialekiko edota botere politikoekiko duten morrontzagatik. Eztabaida polita izan da pandemia garaian zein tratamendu eman behar zitzaien komunikabideetan heriotzari eta larritasunezko egoerei: hildakoen irudiak argitaratu edo ez, zainketa intentsiboetan dauden gaixoen irudiak atera edo ez… Uste dut joera nagusia izan dela hori guztia ezkutatzea, eta bada eztabaidagarria den erabakia. Alarmismoaren kontra joatea niri nahiko xelebrea iruditzen zait; alarma-egoera batean jendea ez alarmatzea ez da normalena.

Nola aldatu du birusak gizartearen jarrera?

Egoera honetan aurretik zeuden jarrera batzuk indartu egin dira, batez ere lehen aipatutako indibidualismoarena. Gizartean funtsezkoa den ikuspegi komunitarioa gaur egun kolokan dagoela esango nuke, proiektu komunitarioak edo talde-proiektuak momentu honetan ez baitaude lehentasunen artean. Ez dut uste benetan gizarteratuta dagoenik pandemia honek heriotzaren arriskua ekarri diezagukeela masiboki. Bizitza kalitatea murriztuko digula besterik ez dugu ikusten, aisialdi eta plazerra emango diguten askatasun momentu horien falta sumatzen dugulako: ezin bidaiatu, ezin parrandak egin, ezin aisialdiaz gozatu… Hori da momentu honetan gizartean dagoen kezka handiena. Heriotzak zenbakitan bakarrik ikusten ditugunean oso hotzak gertatzen zaizkigu eta errazago begiratzen dugu beste alde batera. Horrenbeste pertsona hil direla entzuten dugu, baina norberak bere lagun minarekin terraza batean musukorik gabe garagardoa hartu dezakeen bitartean, beste guztiari ez ikusiarena egiten diogu.

Birusak eragindako kontaktu faltak zein ondorio ekar dezake?

Kontaktu falta da egoera honek ekarri digun gabezia larrienetako bat. Gizakia, zerbait baldin bada, gizaki soziala da. Gizakiak ez du bilakaerarik, garapenik edo zentzurik ingurunerik gabe, oso soziala delako. Zenbat eta isolatuagoak egon gizarteak, orduan eta suizidio tasa altuagoak dituzte. Depresioak, estresak eta horrelako tristura sistematiko horiek oso lotuta daude isolamenduarekin eta kontaktu faltarekin. Gauza jakina da bizi dugun bakartze egoera hauek eta kontaktu ezak areagotu eta indartu egin direla azken hileotan eta horrek gizarte-ondorioez gain, osasun-ondorioak ere badakartzala.

Etxetik lan egiteak eta ikasteak zein onura edo kalte ditu? Horri eutsiko zaiola uste duzu?

Etxetiko lan eta ikasketari dagokionez, denetarik dago. Hezkuntza alorrean atzerakada handia izan da, distantziaz egindako ikasketa horretan etengabeko feedback-a falta delako, eta ikasle-irakasle harremana oso hotza delako. Harreman hori gabe oso zaila da ikasle denak erritmo berean eta onean joatea. Lan munduari dagokionez, ordea, badaude lan batzuk ezinezkoa dutenak etxetik egitea, baina beste askorentzat posible da. Uste dut etxetik lan egitea bideragarria den horientzat oso interesgarria dela on line bidezko metodologia, eta zenbait enpresari begiak irekitzen lagunduko zion itxaropena daukat. Orain arte uzkurrenak izan direnak etxetiko lan horretan askotan enpresak langileekiko konfidantza falta erakusten zutelako izan da. Orain, egoerak hala behartuta, hainbatek etxetik lan egiteko ohitura hartu du, askotan txandakako ordutegiak eginez, eta enpresek ikusi dute horrela ere funtzionatu daitekeela. Enpresarentzat onuragarria izateaz gain, langilearentzat ere baditu abantailak, esaterako, joan-etorrian aurrezten den denbora, estresa eta dirua; etxeko kontziliazioan, antolaketa eta autonomian dakartzan onurak… Egia da telelanak badituela gabeziak eta, beraz, presetzialarekin bateratu edo uztartzeko kontua izan beharko litzatekeela, baina astean zehar egun batzuetan etxetik lan egin ahal izatea langileen eskubideen aurrerapausoa ere izan daiteke epe ertainera begira.

Pandemiarekin bizi dugun ezjakintasun egoerak nola eragiten digu?

Esango nuke momentu honetan neke izugarria daukagula denok pilatuta. Beti ibili izan gara epe ertainera begirako planak egiten, eta hirugarren olatuaren ondoren ikusten dugu ilusioa ere falta dela planak egiteko. Hor dago gakoa: ilusioa galtzen denean, kezkatzeko arrazoiak daude. Egun bizi dugun nekea nabarmena eta arrazoizkoa da, eta etorkizuna ez da batere argia. Jarraitzen dugu barneratu gabe mundu hau orain arteko norabidean gaizki doala eta hau ez dela istripu edo kasualitate bat izan, baizik eta sistema kapitalista honek bultzatu duen ondorio aurreikusgarria. Arraroena lehenago etorri ez izana da, aurretik iristen joan diren mezuen aurrean ezikusiarena egin dugu eta itxura guztia dauka oraingo honekin ere antzera egingo dela, partxea jarri (txertoa) eta aurrera egingo dugula hurrengoa iritsi arte. Laborategietatik sortutako gaitza da hau, baina kontua da gure mundu osoa dela orain laborategi bat. Beraz, munduaren konfigurazioa aldatzen ez dugun bitartean, nekez saihestuko dugu horrelako beste pandemia bat izatea.