Nagusilan Debabarrenak jasoko du Gure Balioak Saria

Nagusilan Debabarrenak jasoko du Gure Balioak Saria
2019/10/17 eta kitto!
Gaur jakinarazi dutenez, Nagusilan Debabarrenak jasoko du aurtengo Gure Balioak Saria, eskualdeko adineko pertsonekiko erakusten duen “solidaritatea, partaidetza eta konpromiso sozialagatik”. Nagusilanek Eibar, Elgoibar, Soraluze, Ermua, Mutriku eta Deban dituen taldeek saria jasotzeko ekitaldia Eibarren, Coliseo antzokian izango da, azaroaren 14an.
Nagusilan Debabarrenak 20 urte baino gehiago daramatza lanean, eta gaur egun 300 adineko pertsonei ematen die laguntza.
Gure eskualdeko gizarte, enpresa eta hezkuntza arloko bederatzi lagunek osatutako epaimahaiak "izaera altruista eta erantzukizun sozialeko printzipioa" goraipatu ditu.
Nagusilan Debabarrenak bakarrik dauden nagusiei laguntzeko parte-hartze aktiboa sustatzen du. Elkartea adineko boluntarioek osatzen dute gehienbat eta banakako zein taldekako konpainia eta laguntza eskaintzen ditu, batez ere eguneko zentro eta zaharren egoitzetan. Beraien eguneko jardueren artean daude: txangoak eta irteerak antolatzea, mahai-jokoetan parte hartzea, administrazioko agiriak gestionatzen laguntzea, bingoan jolastea edo ezin duenari irakurtzen laguntzea, besteak beste.
Debegesa Garapen Agentziak sustatzen du Gure Balioak Saria 2010. urteaz geroztik eta Debabarrenean gizarte balioen sustapenean nabarmendu den pertsona edo erakundea aitortzea du helburu.