Naiara Samper: “Orain familiarteko uneei garrantzi handiagoa ematen diet”

0    Berriak, Eibar 
ETA KITTO
Naiara Samper: “Orain familiarteko uneei garrantzi handiagoa ematen diet”
ETA KITTO 2021, Mar 12

Naiara Samper izan zen Eibarren ezaguna egin zen lehen koronabirus kasua. Martxoaren 6an hasi zen lehen sintomekin eta, nahiz eta bi astean zehar bere ondoezaren arrazoia zein zen jakin ez, koronabirusaren proba egin eta positibo eman zuen. Mendaroko ospitalean eman zituen hainbat aste ingresatuta.

Nolakoak izan ziren ospitalean pasatutako asteak?

Nahiko surrealista izan zen egoera. Hain gaizki pasa nituen lehen asteak, neukan ondoezari izena jartzeak lasaitu egin ninduela. Ospitalean egoteak segurtasuna ematen zidan, ondo zainduta nengoen-eta; artean Mendaroko ospitalean kasu bakarra nintzenez, oso atentzio pertsonalizatua jaso nuen. Osasun langileen aldetiko tratua ezin hobea izan zen han pasatako asteetan, bikain portatu ziren nirekin. Oraindik ere haietako birekin harremanetan jarraitzen dut eta noizbehinka egiten dut eurekin berba.

Zer egiten zenuen denbora pasatzeko isolatuta igarotako egunetan?

Ordu asko pasatzen nituen irakurtzen, horrek orduak arintzen zizkidalako. Gainera, egunero-egunero bai familiakoekin eta baita koadrilakoekin ere bideodeiak egiten nituen arratsaldeetan. Asko laguntzen zidan pantailaren bestaldean lagunak eta etxekoak nirekin zeudela ikusteak.

Alde onik aterako zenioke bizi izandakoari?

Gaixotasuna izateak berak esango nuke ez daukala alde positiborik, baina pandemiak iraun duen hilabete hauetatik guztietatik esango nuke lehen egiten ez nituen gauzak egiten hasi naizela, esaterako, nire gurasoei denbora gehiago eskaini. Lehen lanetik irten eta koadrilakoekin geratzen nintzen beti, eta orain familiarteko uneei garrantzi handiagoa ematen diet. Uste dut hori dela urte honetan zehar atera dudan ondoriorik positiboena.

Nola bizi izan zuten etxekoek zure falta?

Nahiz eta ospitalean ingresatuta egon, mugikorra eskura neukan eta horrek aukera ematen zidan nahi nuenean eurekin harremanetan egoteko. Nire seme-alabei pantailaren beste aldean ni ikusteak lasaitasuna ematen zien. Hala ere, nire gurasoek, anaiak eta senarrak gaizki pasatu zuten, momentu horretan ematen ziren albisteak oso txarrak zirelako, eta hildako asko egon zirelako. Ingresatuta egon eta astebetera birgaixotu egin nintzen, eta horrek nire ingurukoengan alerta piztu zuen, asko kezkatu ziren, eta oso urduri jarri ziren.

Berriro ere gaixotzearen beldur zara?

Geroztik hiru aldiz egin didate proba serologikoa, eta orain dela hilabete inguru egindako azken proban esan zidaten oraindik ere baditudala antigorputzak. Hala ere, ez daukat beldurrik, baina aitortu behar dut birusarekiko errespetua daukadala, oraindik ere datuak eta albisteak ez direlako onak.

Gaixotasuna pasatu eta urtebete geroago, badaukazu oraindik birusaren arrastorik?

Oraindik ere kontrol probak egiten dizkidate noizean behin, alta eman zidatenetik jarraipena egiten didate eta. Oso ondo nago, egunero joaten naiz kirola egitera nire errutinarekin jarraitzeko. Baina, egia da igartzen dudala lehen baino askoz ere lehenago agortzen zaizkidala energia edo “pilak”, eta gaueko 21.30ak aldean ohera joan beharra dut, oso nekatuta sentitzen naiz eta. Hori da igartzen dudan sintoma edo aldaketa bakarra; bestela ni oso ondo nago, eta gaixotasuna guztiz gainditu dudala esango nuke.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »