Nerea Del Campo Agirrek jasoko du Gure Balioak Saria 2016

Nerea Del Campo Agirrek jasoko du Gure Balioak Saria 2016
2016/10/18 eta kitto!
Debegesa garapen agentziak urtero ematen duen Gure Balioak Saria aurten Nerea Del Campo Agirre eibartarrak jasoko du, epaimahaiak hala erabaki eta gero. Sariduna indarkeria matxistaren biktimeei laguntzeko Mujeres al Cuadradoelkartearen fundatzailea da eta, horrekin batera, emakume etorkinen ahalduntzea helburu duen “Empalabramiento” egitasmoaren sortzaile eta arduraduna ere bada.
Enpresa, kultura eta arlo sozialean diharduten Debabarreneko 9 lagunek osatutako epaimahaiak Del Camporen “ekimena, ausardia eta egoera zailak gainditzeko indarra” nabarmendu nahi izan ditu, “bizipen pertsonal gogor batetik abiatuta, indarkeria jasaten duten emakumeei laguntzeko konpromiso sozialean eta elkartasunean oinarritutako proiektua sortzeagatik”. Horrez gain, bere “paper aktiboa eta ahalegina” azpimarratu ditu “genero indarkeria jasan duten emakumeen errealitatea ikusarazteko, ez biktima gisa, bizirik iraunaraztea lortu duten eta indarkeriarik gabeko etorkizun berri bati aurre egiteko gai diren emakume ahaldundu gisa baizik”. Eta kontuan izan ditu, baita ere, jatorri edota kultura arrazoiengatik egoera bereziki ahulean dauden emakumeekiko “inplikazioa eta konpromisoa”, “Empalabramiento” eskolen bitartez euren trebakuntza, integrazioa eta ahalduntzea ahalbidetuz, “horretarako bere denbora, ahalegina eta ezagutzak modu altruista batean eskainiz”.
Saria datorren urriaren 27an banatuko da, Soraluzeko Herriko Antzokian, 18:30ean hasiko den ekitaldian. Sari banaketa ekitaldian Emakundeko teknikaria eta Gizonduz ekimenaren koordinatzailea den Ander Bergarak berdintasunaren inguruko hitzaldia eskainiko du.