ONCEk irisgarriagoa, ekologikoa eta bezeroekiko hurbilagoa den kiosko modeloa estreinatu du

0    Berriak 
ETA KITTO ETA KITTO
ONCEk irisgarriagoa, ekologikoa eta bezeroekiko hurbilagoa den kiosko modeloa estreinatu du
ETA KITTO 2018, Urr 23

Gaur goizean aurkeztu dute aurreko asteaz geroztik Julian Etxeberria kalean dagoen ONCEren kiosko modelo berria. Aurkezpenean Juan Carlos Andueza ONCE Euskadiko lurralde ordezkariak, Alberto Pareja Eibarko ONCE-ko agentziaren zuzendariak eta Miguel de los Toyos alkateak hartu dute parte eta, esandakoaren arabera, kupoiak saltzeko kiosko modelo berria “gaitasun guztiekiko irisgarriagoa eta guztiz ekologikoa da eta, gainera, bezeroekiko komunikazioa erreztuko du”.
Diseinu berriari esker kioskoaren neurriek ez dute espaloian ibiltzea oztopatzen eta, horrekin batera, bertan beharrean diharduten saltzaileei zein kupoia erostera doazen bezeroei lehengo kioskoek baino irisgarritasun hobea eskaintzen diela azaldu dute: “Itsu-zakurrak erabiltzen dituztenen kasuan, jabeak lan egiten duen bitartean zakurra kiosko barruan etzanda egoteko tokia dago. Gurpildun aulkiak erabiltzen dituztenentzat, berriz, kioskora sartzeko arrapala finkoa dauka kioskoak. Horrez gain, erakustokia ere irisgarriagoa da, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutakoa”. Saltzaileek erosoago lan egiteko, kiosko modelo berriak aulki ergonomikoa eta beste elementu batzuk ere baditu. Horrekin batera, kiosko berriak kristalezkoak dira eta salmentarako gune bi dauzkate: bat aurrez-aurrekoa eta bestea, berriz, atearen zabalerakoa. Eta altuerak  gurpildun-aulkian doazen bezeroei arreta emateko irisgarritasun araudia betetzen du. Kanpokaldean, berriz, Braillez idatzitako esaldiak jarri dituzte, “bertatik igarotzen direnek ere horren bitartez ONCE-ren irudia identifikatzeko”. Amaitzeko, aire egokituaren sistema errendimendu ekologikoaren prestazio handienekin ere bat egiten du kiosko berriak.
Gaur aurkeztu dutena ONCEk Eibarko kaleetan dituen sei kioskoetako bat da. Arragueta kalean dagoen ONCEren agentzian 66 saltzailek dihardute beharrean, batzuk Eibarren eta beste batzuk, berriz, Debabarrena, Debagoiena eta Durangaldeko hainbat tokitan. Eta, era berean, gure herriko agentziak fundazioko 166 afiliatuei zerbitzua ematen die.
IMG_2812

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »