Osakidetzako osasun-langileen txertaketa bihar hasiko da Gurutzetako Ospitalean

Osakidetzako osasun-langileen txertaketa bihar hasiko da Gurutzetako Ospitalean
2021/01/14 eta kitto!
EAEra iritsitako Moderna txertoaren lehen 1.400 dosiak dira bihar Gurutzetako Ospitalean jarriko direnak. Kasu honetan, osasun-langileek jaso beharreko prestakuntza ez da Pfizer txertoarena bezalakoa; beraz, gaurko lanaldia langileen prestakuntzara bideratuko da.

Bihar goizeko 09:00etan ekingo diote txertaketari. Moderna-txertoak bi dosi behar ditu, eta bereziki eraginkorra da 65 urtetik beherakoentzat. Datozen egunetan, Osasun Sailak Osakidetzako 700 osasun-langileri jarriko die txertoa, jaso diren 1400 txertoekin.

Txertaketa-irizpideei dagokienez, lehentasuna izango dute honako egoeretan dauden osasun-langileek: kobid pazienteak, arnasketa kritikoak , infekziosoak eta barne-medikuntza. Halaber, lehentasuna dute adinez zaharragoak diren langileek.

Aurreikuspenak betetzen badira, lau aste barru Gurutzetako ESIko 700 langileak txertatuta egotea espero da.

Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu zuenez, txerto berri horren ezaugarriak kontuan hartuta, “eraginkorra da 65 urtetik beherakoentzat, eta ez zaie adineko pertsonei emango”.

Pfizer txertoak bezala, Moderna txertoak ere bi dosi behar ditu. Kasu horretan, bigarren dosia lehenengotik 28 egunera injektatu behar da (Pfizerrena 21 egunera da).