Pantailaren bestaldea, egia ote? "Iban Garcia, Amaia Amunarriz eta Jon Kareaga"

Pantailaren bestaldea, egia ote? "Iban Garcia, Amaia Amunarriz eta Jon Kareaga"
2021/02/18 eta kitto!
Orain dela urte batzuetatik hona Interneten sorrerak errotik aldatu du guztion bizitza, baina, batez ere, komunikazio-sarea ogibide bihurtu dutenentzat. Izan ere, Internet, eta, batez ere, sare sozialak profesionalki lan egiteko plataforma bihurtu dira, baita diru-iturri handia ere.

“Youtuber”, “Bloger”, ”Influencer”, ”Tiktoker”... gero eta ohikoagoak dira termino horiek gazteriaren artean. Horiei guztiei preskriptoreak deritze, hau da, publiko jakin batengan eragiteko gai diren pertsona edota erakundeak. Zein teknika erabiltzen dituzte? Zein helbururekin? Denek dute errentagarritasuna helburu?

gazteonrecorte_page-0001

Lehen gazte askok futboleko izar, mediku edo aktore izan nahi zuten. Gaur egun, berriz, gero eta gehiago dira influentzer izan nahi dutenak. Izan ere, kanpotik ikusita, apartekorik ez da behar horretarako. Ordenagailu bat eta mugikorra. Hortik aurrerakoa (arrakasta, dirua, like-ak...) erraza ikusten da. Baina, horrela ote?

Horretaz guztiaz jarduteko, Euskal Herrian ezagunak diren hiru gazteren iritziak bildu ditugu, sare sozialetan eragin handiko pertsona izatea zer den gertuagotik ezagutzeko asmoz. Gainera, gazte horien testigantzak beste ikuspuntu batetik landuko dituen konpetentzia digitaletan aditua den Maite Goñiren hitzak jaso ditugu.

Ezer baino lehen, aurkezpen handirik behar ez duten arren, gaurko hiru protagonistak ezagutuko ditugu. Batetik, Iban Garcia influentzer azkoitiarra; bestetik, ingurumen aktibista, argazkilaria eta filmakerra den Jon Kareaga zumaiarra; eta, azkenik, Donostiako Amaia Amunarriz tiktokerra.

Zaletasuna edo ogibidea?
Lana da norberaren egunerokoan denbora gehien kentzen digun jardunetako bat. Horregatik esaten da lanean zoriontasuna aurkitzea funtsezkoa dela, baina ez da hain erraza. Denok daukagu deskonektatzen laguntzen digun zaletasunen bat, egunerokotasunean motibazioa ematen diguna. Zenbaitek hobby hori lan bihurtzen dute, influentzerrek kasu.

Konpetentzia digitalean aditua den Maitek azaldu du “teknologiaren demokratizazioak aukera eman duela ahots ezberdinak plazaratzeko” eta horren eraginez, edonork daukala sare sozialetan iritzia emateko abagunea.

Iban Garciak, esaterako, honela diosku: “Nire egunerokotasuna transmititzen dut sare sozialetan, eta hori da nire diru-iturri nagusia, publizitateari esker nik sortutako edukiak konpentsazio ekonomikoa ematen dit eta”. Baina, oro ez da urre, eta arrakastaren atzean lan eta esfortzu handia dagoela azpimarratu du influentzer azkoitiarrak, izan ere, “12 urte nituela” hasi zen ikus-entzunezko edukiak sortzen, eta “10 urte daramatzat” horretan lanean.

Horren antzeko ibilbidea hasi berri duen gazte donostiarrak, Amaiak, honela gehitu du: “Pandemia garaian hasi nintzen sare sozialen munduan, batez ere Tiktoken; oraindik ez da nire ogibidea, baina etorkizunean, nork daki!”.

Bi protagonista horien guztiz kontrako helburua du, aldiz, Jon Kareaga zumaiarrak. Izan ere, Jonek diru-iturri gisa baino nahiago ditu sare sozialak “jendearentzako inspirazio eta kontzientzia iturri legez” erabili, “gaur egun komunikabideetan ikusi ezin ditzakegun gauza askoren gaineko kontzientzia” sortzeko.

Era berean, Maitek argi diosku sare sozialetan dabilen pertsona ezagun bakoitzak “bere ezaugarri propioak dituela”, ez dagoela ezaugarri “komunik”. Hala ere, azpimarra egin du esanez “sormena, ekintzailetasuna, gogoa eta komunikatzeko gaitasuna” direla, besteak beste, influentzia sortzen duen pertsona ororen oinarrizko elementuak.

Social_Media_Marketing_Strategy

Publizitatea
Gure protagonistak bezalako Interneteko erabiltzaile ezagunenak benetako erreminta eraginkorrak bihurtu dira edozein produktu edo zerbitzuren salmentan, eta sare sozialak marka horiek komunikatzeko benetako bide dira. Gure herrialdeko biztanleen %93k gutxienez kontu aktibo bat du sare sozialetan, eta edozein momentutan milaka kontsumitzailerengana iristeko modu errazak dira gizarte sareak. Zuzenean edo zeharka, produktu asko iragartzen dira egunero-egunero.

Euskarri digitaletan egiten diren publizitate-kanpainak diru-iturri handia dira influentzerrentzat; izan ere, promozio bakoitzetik etekin ekonomikoa ateratzen dute. “Zerbait promozionatzea ez da ematen duena bezain erraza, horren atzean lan handia dago: nola promozionatu, zer esan eta nola esan, zein momentutan, zein motatako publizitatea egin… Kolaborazio bakoitzak bere lanketa dauka”, diosku azkoitiar influentzerrak.

Beste zenbaitek, ordea, ez dute publizitate mota horren aldeko apustua egiten. Zumaiarraren ustez “marka gehienek transmititzen dituzten baloreak ez datoz” berarekin bat, eta horregatik ematen du ezezkoa, “marka horien atzean ingurumen inpaktua edo inpaktu soziala” egon ohi direlako.

Hizkuntza
Nahiz eta orain artekoaz iritzi kontrajarriak izan dituzten protagonistek, sare sozialetan erabiltzen duten hizkuntzaz galdetuz gero, bat datoz erantzunean: gaztelania. Kanpotik ikusita arraro samarra izan daiteke; izan ere, euskaldunak izanda, euskaraz aritzea litzateke zentzuzkoena, baina errelitatea bestelakoa da.

Euskaraz bakarrik jarduteak muga handiak jartzen dituela azpimarratzen dute hirurek, Euskal Herriko publikoari bakarrik zuzendutakoa litzakeelako. Gaztelaniaz, aldiz, askoz ere publiko zabalagoarengana irits daitezkeelakoan daude. Hala ere, bai Ibanek eta baita Jonek ere, harro diote euskarazko edukiak sortzea ere oso gogobetegarria dela beraientzat, eta noizbehinka euskaraz sortzea ere gustuko dutela.

Mundu digital horretan dagoen hizkuntza-arazo horri aurrea hartzeko sortu dute Sortu eta Play egitasmoa, Eusko Ikaskuntzako Asmoz Fundazioaren eta Game Erauntsiaren eskutik. Helburua euskarazko ikus-entzunezko youtuberrak eta streamerrak sustatzea da, Euskal Herriko hizkuntzari hauspoa emate aldera. Honako helbide honetan lortu daiteke gaiari buruzko zehaztasun gehiago: https://sortuetaplay.asmoz.org/

Erabilera da gakoa
Begi-bistakoa da sare sozialek indargune asko dituztela, baina haien arriskuez ere jabetu beharra dago. Instagram, Facebook, Tiktok eta bestelakoak, sarritan, gure bizitzaren erakusleiho dira. Baina, errealitatea ote pantailaren bestaldekoa? Onura baino kalte gehiago dakarkigute? Hausnarketarako soka luzea ematen du gaiak.