Peter Chiopsa, apaiza: “Hemengo jendea oso erlijiosoa den arren, Afrikarekin alderatuz jende gutxi ikusten da elizan”

Peter Chiopsa, apaiza: “Hemengo jendea oso erlijiosoa den arren, Afrikarekin alderatuz jende gutxi ikusten da elizan”
2021/07/26 eta kitto!
Jaques Kotoko Beninen jaio zen eta Peter Chiopsa Malawin, baina erlijioak Eibarrera ekarri ditu, Karmengo elizara. “Jainkoaren bideak ezin asmatuzkoak dira”, pentsatuko dute kristauek. Karmengo elizara joateko ohitura duten eliztarrek harrera ezin hobea egin diete eta Kotoko eta Chiopsa etxean bezala sentitzen dira hemen.

 

Noiz iritsi zinen Karmengo elizara?

Malawitik zuzenean iritsi nintzen orain dela zazpi hilabete. Hau da Europan egoten naizen lehenengo aldia.

 

Nola sortu zitzaizun Eibarrera etortzen aukera?

José Ignacio Munilla Donostiako elizbarrutiaren apezpikuak Malawin nire apezpikua zenari deitu zion esanez apaiza behar zutela hemen, eta nire apezpikua zenak hona etortzeko proposamena egin zidan. Malawiko apezpiku hori karmeldarra da eta harremana du Munillarekin. Izan ere, zazpi urtez Burgosen egon zen ikasten.

 

Zer pentsatu zenuen apezpikuak hona etortzeko proposamena egin zizunean?

Foballa asko gustatzen zaidanez eta Espainiako Liga asko jarraitzen dudanez, Eibar ezagutzen nuen. Malawiko egunkarietan Eibarri buruz berba egiten da. Hala ere, ez nekien ondo Eibar non zegoen eta ez nuen gauza askorik ezagutzen herriari buruz, eta ezustekoa izan da hori guztia ezagutzea.

 

Zein da zure foball talde gustokoena?

Malawin gehienak Bartzelona edo Real Madril taldeen zaleak dira, eta nik Bartzelona dut gustoko. Hala ere, orain Eibarren alde ere egiten dut. Ipuruara joateko gogoz nago.

 

Nolako bidea jarraitu duzu apaiza izateko?

Malawi oso herrialde erlijiosoa da eta gehienak kristauak gara. Horregatik, txikitatik argi izan nuen etorkizunean apaiza izan nahi nuela eta orain, 29 urterekin, apaiza naiz. Hala ere, apaiza izateko bidea ez zen erraza izan. Nire anai-arrebek ez zuten ni apaiza izaterik nahi, kristauak ez direlako. Oso zaila izan zen, familiak baztertu egin ninduelako bederatzi urtez. Apaiz ordenatu nindutenean, berriz adiskidetu ginen.

 

Familiarengandik aldenduta bizi izan zinen urteetan non bizi zinen?

Seminarioan. Hiru urtez filosofia ikasi nuen, gero teologia bost urtez eta, azkenik, arlo espirituala landu nuen urtebetez. Hemen urte gutxiago behar dira apaiz ordenatzeko, sei urte hain zuzen ere.

 

Apaiz ordenatu ondoren, meza ematen hasi zinen?

Ordenatu aurretik mezetan laguntzen ibili nintzen, baina ordenatu nindutenean meza ematen hasi nintzen Malawin. Ez nire jaioterrian zehazki, baina bai barruti bereko beste herri batetan.

 

Malawin eta Euskal Herrian modu ezberdinean bizi da erlijioa?

Bai, ezberdintasun asko dago. Kristautasunaren etxea Europan dago eta hori asko nabari da, erlijioak hemen oso erro indartsua duelako. Hemengo jendea oso erlijiosoa da. Hala ere, Afrikan gertatzen denarekin alderatuta, hemen jende gutxi ikusten da elizan. Gure begiak beti egon dira Europara begira, santu eta santutegi asko hemen daudelako. Hemengo misiolariek eraman zuten kristautasuna Afrikara.

 

Malawin egiten diren mezak ezberdinak izaten dira?

Bai, badaude aldeak. Batetik, hizkuntza ezberdina da. Eta bestetik, hango meza guztietan abesbatza egoten da eta hemen kasu batzuetan bakarrik. Parrokia bakoitzak hiru abesbatza izaten ditu eta txandaka aritzen dira.

 

Malawin ere domeka izaten da kristauen egun handiena?

Bai, domeka da egunik garrantzitsuena. Jende askok ezin izaten du astean zehar egiten diren mezatara joan, lan kontuengatik edo dena delakoagatik.

 

Hizkuntzaren kontua aipatu duzu. Nola moldatzen zara hemen?

Hasieran ez nuen euskaraz edo gazteleraz ezer ulertzen, eta oso zaila zen komunikatzea. Poliki-poliki ikasten joan nintzen eta, meza irakurri egiten denez, hala-nola moldatzen naiz. Eliztarrek meza edo hileta bat euskaraz egitea nahi badute, euskaraz egiten dugu.

 

Malawin eta hemen abesti berdinak kantatzen dituzue mezetan?

Ez, abesti ezberdinak kantatzen ditugu. Izan ere, hori kultura bakoitzaren araberakoa izaten da.

 

Jaques eta zu elkarrekin etorri zineten Eibarrera?

Ez, berak lau urte daramatza Euskal Herrian. Beraz, esperientzia gehiago duenez, bera da parrokoa eta ni laguntzaile bezala nago.

 

Nolako harremana duzu eliztarrekin?

Oso ona! Eibartarrak oso jatorrak dira. Asko gustatzen zait eurekin dudan harremana eta oso pozik nago. Oso ondo hartu gaituzte eta beste herrialde batetik etorri eta euren hizkuntza guztiz ez menperatu arren, ez dugu arazorik izan. Are gehiago, asko lagundu digute gu hemen ondo sentitzeko. Hasierako egunetan abestiak eta testuak erakustera etortzen ziren guregana.

 

Ondo ohitu zara Eibarko bizimodura?

Malawirekin alderatuz oso bizimodu ezberdina da hemengoa, baina asko gustatzen zait. Esan dezaket hemen bizimodu hobeagoa dagoela. Jende alaia dago eta horrek asko laguntzen du.

 

Zein da zure helburua Karmengo elizan egiten diharduzun lanean?

Momentuz hiru urterako kontratua dut hemen eta Karmengo elizan eman didaten aukera baliatuz gehiago ikastea da nire asmoa. Ez dakit apezpikuak niretzat zein asmo duen, baina oso pozik nago hemen eta Europan bizitzeko lehen tokia izateko Eibar herri zoragarria da. Hau da nire etxea orain.