2019-2023 legegintzaldia aurrekoaren ildotik joango dela aurreikusten du EH Bilduk

0    Politika 
ETA KITTO ETA KITTO
2019-2023 legegintzaldia aurrekoaren ildotik joango dela aurreikusten du EH Bilduk
ETA KITTO 2019, Uzt 18

Gaur goizean Bilgunean emandako prentsaurrekoan, Eibarko EH Bilduko zinegotziek hasi berri den legegintzaldiaren inguruan egiten duten balorazioa eman dute ezagutzera eta, esandakoaren arabera, aurreko legegintzaldiarekin konparatuta “aldaketa gutxi espero dute”. Esan dutenez, “hilabete darama indarrean 2019-2023 legegintzaldiak eta EH Bilduko kideok hainbat mugimendu ikusi ditugu. Oso argi daukagu aurreko legegintzaldiaren ildotik joango dela oraingoa. PSOE eta PNVrekin bildu gara dagoeneko. Legegintzaldi hasieratan, gure programa elkarbanatzeko ohitura hartu dugu, komunean izan ditzakegun puntu eta ekintzak aztertzeko. PNVk pausurik ematen ez zuela ikusita, EH Bildu izan zen beraiengana gerturatu zena. PSOE eta EH Bilduren arteko bilerak programaren gaineko bilerak izan dira eta alderdi bakoitza bestearen programa aztertzekotan geratu gara. Horretan gabiltza. PNVrekin izan dugun bilera bakarrean, ordea, ez dute programaz hitz egin, lortu ditzaketen postu eta ordezkaritzetaz jardun dute bakarrik”. Horrekin batera, PSOE eta EAJ-PNV alderdien arteko itunak Udalaren jarduna baldintzatuko duela uste dute: “Aurreko lau urteetan bezala, PSOE-PNVren arteko itun honek gure lana, gure jarduna, eta baita Eibarko Udalarena ere, mugatuko du. Adibide bat jartzearren. Nahiz eta EH Bilduk Mankomunitateko ordezkaritzetarako proposamen demokratiko bat planteatu zuen, PSOE eta PNVk hitzartuta zituzten dagoeneko bertara joango diren ordezkariak”.

Gaur azaldutakoaren arabera, EH Bilduk Batzordeen inguruko hausnarketa egitea beharrezkotzat jotzen du: “Eibarko Udalean gero eta batzorde gehiago daude, momentu honetan 24, eta ez da egin horien inguruko inolako berrikusketarik”. Amaitu aurretik, orain arte bezala “PSOEren Udal Gobernuaren lanari jarraipen zorrotza” egiten jarraituko dutela esan dute, “beti ere eibartarrentzat ahalik eta onenak diren proposamenen alde lan egiten”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »