2021erako Udal Aurrekontua onartzeko Udalbatza bihar egingo da, bideokonferentziaz

2021erako Udal Aurrekontua onartzeko Udalbatza bihar egingo da, bideokonferentziaz
2021/01/14 eta kitto!
Bihar (urtarrilak 15) 17:30ean hasiko den ezohiko bilkuran onartuko da Eibarko Udalerako 2021eko Aurrekontu Orokorra. Udalbatza bideokonferentziaz egingo dute eta, beti bezala, internet bidez zuzenean jarraitzeko aukera egongo da, Udalaren YouTube kanalaren bitartez.

PSE-EEk eta EAJ-PNVk abenduaren erdialdera lortu zuten adostasun-hitzarmena eta aurreko astean, berriz, EH Bildurekin ere akordioa zutela jakinarazi zuten. Gauzak horrela, oposizioko bi talde horiek abstenitu egingo dira gaur egingo den bozketan, Udal Aurrekontua onartzea ahalbidetzeko. Akordiotik kanpora geratu den alderdi bakarra Elkarrekin-Podemos izan da.

Lortutako akordioengatik pozik agertu da Miguel de los Toyos alkatea eta “hasiera-hasieratik talde politikoek erakutsitako prestutasuna eta enpatia” azpimarratu ditu. Eibarko EAJ-PNV alderdiak ere balorazio positiboa egin du eta, jeltzaleek egingo luketen aurrekontua bestelakoa izango litzatekeela esan arren, pozik daude sozialistekin “gutxieneko batzuk”, tartean pandemiaren kalte ekonomikoari aurre egiteko neurriak, adostea lortu dutelako. Eibarko EH Bilduk, bestalde, “diagnostiko partekatua egitea” falta dela pentsatzen  du. Hau da, Udal Aurrekontua osatzerako orduan “talde guztiek parte hartzea eta denen ekarpenak kontuan hartzea eta elkarrekin, denok batera, norantza berean arraun egitea”.