3,5 milioi euroko balioa duten 30 emendakin aurkeztu dizkio EH Bilduk aurrekontu zirriborroari

0    Politika 
ETA KITTO ETA KITTO
3,5 milioi euroko balioa duten 30 emendakin aurkeztu dizkio EH Bilduk aurrekontu zirriborroari
ETA KITTO 2020, Abe 16

Aurreko barixakuan Bilgunean egindako prentsaurrekoan aurkeztu zituzten 2021erako Udal aurrekontuaren zirriborroari EH Bilduk egin dizkion zuzenketak Igone Lamarain eta Gorka Errasti udal taldeko ordezkariek. Azaldutakoari jarraituta, guztira 30 emendakin edo zuzenketa aurkeztu dituzte eta horien balioa 3.562.000 eurokoa da, orotara. Bilduko zinegotzien berbetan, “COVID-19aren osasun larrialdirari eta honek ekarri duen krisialdi ekonomikoari aurre egiteko bigarren Talka Planak berezibiziko garrantzia izan beharko du 2021eko aurrekontuan. Bestalde, EH Bilduren negoziaketarako prestutasuna argi gera dadin, aurten ez dugu osoko emendakinik aurkeztu”. Hain zuzen ere, udal taldearen eta oposizioko taldeen arteko negoziazioak aste honetan hasi dira.

Nabarmendu zutenez, “aurreko urtekoekin alderatuta, aurrekontu xumea da 2021erako planteatzen dena. Krisi ekonomikoan gaude murgilduta eta Udalean ere nabari da. Martxoan esan genuen bezala, 2020.a eta baita 2021.a ere, talka eta erreskaterako urteak izan behar dira, pertsonen, familien eta autonomoen ondoan egoteko urteak. Gauzak horrela, bigarren talka plan bat planteatu dugu aurrekonturako. Gainera, aurreko talka plana betetzeko egin genuen lana eta fruituak ikusita, oso argi dugu EH Bilduren ikuspuntu soziala behar beharrezkoa izango duela PSEk bigarren talka plan honetan ere. Eta eibartarrei eragiten ari dien krisi ekonomikoa aipatuta, ezinbestekoa da gogoratzea ere EAE mailako dietarik altuenak ditugula Eibarko Udaleko politikariok. Ezin dute horrela izaten jarraitu, are gutxiago batzar gehienak online direnean eta desplazatu beharrik ere ez dugunean. Beraz, batetik dieta arruntak jaistea dagokigu eta bestetik, oraindik txikiagoak izango diren online dietak sortzea”.

EH Bilduk aurkeztutako 30 emendakinak banan-banan ikusteko HEMEN KLIKATU.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »