36,2 milioi euroko udal aurrekontuaren zirriborroa aurkeztu dute 2021erako

36,2 milioi euroko udal aurrekontuaren zirriborroa aurkeztu dute 2021erako
2020/12/16 eta kitto!
Datorren urtera begira prestatu duten Eibarko Udalaren aurrekontuaren zirriborroa 36,2 milioi eurokoa da eta, 2020ko aurrekontuarekin (45,8 milioi euro) alderatuta, %21eko jeitsiera dauka, martxoan hasi zen pandemiak herriko ekonomian eragindako krisiaren eraginez. Hala azaldu zuten barixakuan Jon Iraola udal bozeramaileak eta Ana Telleria Ogasun zinegotziak. Esandakoaren arabera, “geure buruak kontrolatu behar izan ditugu aurrekontua egiteko, zer etor litekeen ez dakigu eta. Beraz, jaitsiera hori tartean, dauzkagun baliabideak are hobeto kudeatu beharko ditugu, nahitaez, eta aurrera eramateko proiektuak aukeratzeko orduan batzuk lehenetsi beharko dira.

Jaitsiera horretarako beste faktore bat Udalen Finantzaketarako Foru Funtsari zuzenean lotuta doa: 2019an gure herriak 20 milioi euro jaso zituen bertatik, 2020an, berriz, 18 milioi eta datorren urterako jeitsiera are handiagoa izatea espero dute.

Gauzak horrela, aurrekontuaren zirriborroak jasotako inbertsioetarako kopurua aurtengoa baino %62 txikiagoa da, 4,6 milioi eurokoa hain zuzen ere. Inbertsio nagusien artean Ubitxa-San Kristobal igogailua egin eta martxan ipintzea, Elkarrekin Podemosekin hitzartutako Mirabaso inguru naturala sortzeko proiektua egitea eta Ipurua kiroldegi barruko igerilekua konpontzea aipatu zituzten, besteak beste.

Aurrekontuak zein inbertsioen atalari dagokion kopuruak jeitsiera nabarmena izan arren, azpimarratu nahi izan zuten “gizarte arlorako gastuan ez dela murrizketarik egin, 3,8 milioi euroei ezer kendu barik eutsi zaie”. Eta herriko kirol elkarteek zein kultura eta gizarte arloan lan egiten duten taldeek euren jarduerak egin ahal izateko, dirulaguntzetan 17,1 milioi euro aurreikusi dituzte.

Milioi bat euroko zuzenketak aurrekontuari

Bestalde, Eibarko PSE-EEk aurrekontuaren zirriborroari hainbat zuzenketa egin dizkiola azaldu zuten, “pandemiak eragin duen egoera berriari erantzuteko”. Zuzenketen artean honako hauek aipatu zituzten: RGI eta Elikagaien Bankuko laguntza jasotzen duten familietan Umeak Eskolara eta Dirulaguntzak Ikaslei dirulaguntzak indartzea (150.000 euro), herriko ekonomiak (denda, taberna, negozio txikiak…) aurrera egiteko laguntzak (550.000 euro), pertsonen ongizate psikikoari bideratutako Zaindu Zaitez egitasmoa (100.000 euro), diru-sarrera txikiak dituzten langabetu eta jubilatuentzat laguntzak (150.000 euro), pertsona nagusientzat laguntzak indartzea (100.000 euro) eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean oinarrizko premiak asetzeko ekimenak (65.000 euro).