38,5 milioi euroko Udal Aurrekontua onartu dute, PSE-EE eta EAJ-PNV udal taldeetako ordezkarien aldeko botoekin

38,5 milioi euroko Udal Aurrekontua onartu dute, PSE-EE eta EAJ-PNV udal taldeetako ordezkarien aldeko botoekin
2021/01/15 eta kitto!
Gaur arratsaldean egin den ezohiko bilkuran onetsi du Eibarko Udalbatzak 2021. jardunaldirako 38.471.119 eurokoa den Aurrekontu Orokorrari, PSE-EE (9) eta Eibarko EAJ-PNV (6) udal taldeetako aldeko botoarekin. Eibarko EH Bildu (5) eta Elkarrekin Podemos Eibar (1) udal taldeak, berriz, abstenitu egin dira botazioan. Hiru ordu inguruko iraupena izan duen osoko bilkuraren amaieran egindako botazioarekin hasierako onespena eman diote 2021erako Udal Aurrekontuari. Izan ere, behin betikoa izateko GAOan (Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean) argitara eman behar dute eta, erreklamazioak egiteko dagoen hamabost eguneko epea igarota horrelakorik aurkeztuko ez balitz, orduan pasatuko litzateke behin betikoa izatera. Urriaz geroztik egindako Udalbatzarrak internet bidez, bideokonferentzia bitartez izan dira eta gaurkoa ere hala izan da. Betiko moduan, streaming bidez zuzenean jarraitzeko aukera egon da eta, nahi izanez gero, osorik ikusteko aukera dago, Eibarko Udalaren YouTube kanalean.

Bestalde, Udal Aurrekontuari lotutako dokumentazioa (Alkatetzaren txostena, Udal aurrekontua kapituloka, Diru-sarreren aurrekontua, Gastuen aurrekontua eta 3.eranskina. diru-laguntza izendunak) eskuragarri daude Udalaren webgunean.