Aitor Zelaia eta Galder Barbado aske lagatzeko eskatuko dute bihar 12:00etan Untzagan

Aitor Zelaia eta Galder Barbado aske lagatzeko eskatuko dute bihar 12:00etan Untzagan
2021/02/05 17:09
eta kitto!
Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarren askatasuna eskatzeko elkarretaratzea egingo da bihar, 12:00etan Untzagan. Mobilizazioa #AnkerkeriariStop plataformak deitu du, “Ankerkeriari Stop! Aitor eta Galder aske” goiburuari jarraituta. Eibarren bezala, beste herri askotan egingo dira kontzentrazioak.

Lehergaiak egiteko materiala edukitzea leporatuta, launa urteko espetxe zigorra ezarri die Zelaiari eta Barbadori Espainiako Auzitegi Nazionalak. Ernai gazte erakundetik adierazi dutenez, “epaiketa injustua izan da. Argi daukagu Espainian ez dagoela demokraziarik, eta are gutxiago justizia oinarrian daukan estatua. Hori dela eta, gazteok ez dugu onartzen injustizian oinarritutako epaiketa hau, gazteria zirgortzea eta beldurtzea baitu helburu. Eta ozen diogu, ez dugula absoluzioa ez den beste epairik onartuko”.