Aldundiak Udal Finantzaketa Foru Fondoan egindako murrizketa salatu du EH Bilduk

Aldundiak Udal Finantzaketa Foru Fondoan egindako murrizketa salatu du EH Bilduk
2020/05/26 eta kitto!
Udal Finantzaketa Foru Fondoan murrizketa egiteko Foru Aldundiak hartutako erabakiaren ondorioz, Eibarko Udalak aurreikusita zuena baino 4 milioi euro gutxiago jasoko dituela eta, Aldundiak hartutako erabakia berraztertzeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk.

Eibarko EH Bilduren Udal Taldeko Gorka Errastiren berbetan, “Foru Fondoa izan ohi da udalen finantziazio iturri nagusia. Herri txikienen kasuan diru iturrien %60a suposatu dezake Fondoak. Baina Aldundiak duela gutxi aldebakarrez hartutako erabakia eta gero, Gipuzkoako udalek %20ko murrizketa jasango dugu kontzeptu honetan. Eibarko kasuan, ia 20 milioi euro jasotzeko aurreikuspena genuen urte hasieran. Orain, ordea, 4 milioi euro gutxiago jasoko ditugu. Garai latzak datoz, aurrekontua murriztu behar dugu, krisiari aurre egiteko talka planak martxan jarri eta finantziatu behar ditugu eta Aldundia, udalen ondoan egon beharrean, egoera are gehiago okertu du erabaki honekin”. Aurreko astean erregistratu duten mozioa osorik irakur dezakezue jarraian:

UDAL FINANTZAKETA FORU FONDOAREN GAINEKO ALDEBAKARREKO ERABAKIA BERRAZTERTZEA ESKATZEKO MOZIO PROPOSAMENA


Maiatzaren 14an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Aldundiak udalei egiten dien diru-banaketan % 20ko murrizketa aplikatzeko Diputatu Kontseiluaren aldebakarreko erabakia. Horrelako erabakiei buruz hitz egiteko toki beharko zukeen Gipuzkoako Finantzen Kontseilua hurrengo egunean bildu zen eta dagoeneko hartuta zegoen erabakiaren berri emateko izan zen.

Udalak, herritarren beharretatik gertuen dauden erakundeak izateaz gain, lehen mailako erakundeak dira, Udal Legeak aitortzen duen bezala. Zentzu honetan, euskal erakundeen arteko diru-banaketan aldaketarik egon behar bada, erakunde guztien artean eztabaidatua eta adostua izan behar luke, aldeek informazioa modu gardenean partekatu ondoren eta inola ere ez aldebakarrez.

Zerbitzu publikoak garatzeko ezinbestekoa den finantzazioaz ari gara hizketan, udalen eguneroko kudeaketan eta herritarren bizitzan eragin zuzena duten erabaki politikoez. Horregatik, honako eskariak egiten dizkio Eibarko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari:

Udal Finantzaketarako Foru Fondoari buruzko elkarrizketaren aldeko apustu irmoa egitea.

Berraztertu dezala aldebakarrez hartutako erabakia eta udalekin elkarlanean adostasun bat bilatu dezala udalen egonkortasun finantzarioa ere helburu izango duena.

Elkarlana inoiz baino beharrezkoagoa dela sinetsita gaudenez, Udalekin kogobernantzarako foro bihur dezala Gipuzkoako Finantzen Kontseilua. Bertan informazioa partekatu dadila, proposamenak aztertu eta adostasunak lortu daitezen, ondoren Gipuzkoako udalen finantzaketari buruzko Foru Arauan beharrezko isla izan dezaten.

Eibarko Udalak erabaki honen berri emango dio Gipuzkoako Aldundiko Diputatu Nagusiari, Ogasun Diputatuari, Gipuzkoako Batzar Nagusietako alderdi guztiei eta EUDELeko Gipuzkoako eta EAEko zuzendaritzei.

Eibarren, 2020ko maiatzaren 22an.


Izp.: Gorka Errasti Bernedo (Eibarko EH Bildu udal taldea)