Alejandro Telleria “Alkate Txikixa” omenduko dute eguenean Coliseoan

Alejandro Telleria “Alkate Txikixa” omenduko dute eguenean Coliseoan
2020/09/21 eta kitto!
Eguenean, hilaren 24an, Udalbatzak Alejandro Telleria (1876-1939) alkate izandakoaren zeregina errekonozitzeko saioa egingo du Coliseo antzokian, arratsaldeko 18:00etan hasiko den ekitaldian. Aforo murriztua izango du eta gonbidapenez osatuko da: zinegotziak, Alejandroren familia, herriko entitate nagusienetako ordezkariak, herriko alkate izandakoak, Artxibokoak eta ikerlariak izango dira bertan.

Alejandro Telleria Estala, “Ali”, Pagaegi izeneko etxean jaio zen, 1876ko irailaren 24an. Gurasoak, Manuel Telleria eta Rosa Estala soraluzetarrak, Eibarren finkatu ziren eta bost seme-alaba izan zituzten; Alejandro zen nagusiena. Alejandrok kezkaz eta ametsez betetako herri batean iragan zituen haurtzaroa eta gaztaroa. Ideologia sozialistakoa eta gazte-gaztetatik urte haietako borroka sozial eta politikoan murgildua, Akilino Amuategiren lagun handia zen. Oso dotore janzten zen beti eta sonbreroa erabiltzen zuen. 1920ko apirilaren 1ean udal hauteskundeak izan ziren eta sozialista eta errepublikarrak izan ziren garaile. Udalbatza hamazazpi zinegotzik osatzen zuten, besteak beste, Alejandro Telleria sozialista, herriko alkate izendatua izan zena. Bere burua kargurako gai ikusten ez bazuen ere, herriaren alde gogor lan egingo zuela zin egin zuen, beti interes publikoei begira eta justiziaren alde.

Telleriak oso sasoi gorabeheratsua eta gatazkaz betea bizi izan zuen lehenengo agintaldian, bai maila politikoan bai ekonomiko eta sozialean. Alejandrok hainbat bilera antolatu zituen patronalaren eta langileen artean akordio batera iristeko. Udalak, halaber, lursailak laga zituen doan Armen Probalekua handitzeko, armagintzaren jarduera sustatze aldera. Herriko egoera ekonomiko larriaren ondorioz, Udalak Cocinas Populares izeneko ekimena bultzatu zuen: udaletxe barruko patioan, egunero banatzen zen janaria herriko familia guztientzat. Herrian, sukalde haiei “Rantxua” deitzen zieten.

Gatazkaz betetako sasoia

Herriari zegozkion arazoez gain, Telleriaren Udalbatza kezkatu zuten beste gai batzuk hauek izan ziren: Estatuak bizitza demokratikoari egiten zizkion murrizketak, konstituzio-bermeak etetea eta arbitrariotasuna arau gisa ezartzea.

Telleriaren lehenengo alkatetza-aldia laburra izan zen. 1921eko azaroan, Eibarko Gazte Sozialisten Elkarteak orri solte bat argitaratu zuen, ustez Ejertzitoaren kontrako hitzekin eta Alkatetzaren zigiluarekin. Gazte Sozialisten zortzi gazte atxilotu zituzten eta prozesu judizialean zehar alkatea deklaratzera deitu zuten.

1921eko azaroaren 11n Gobernu Zibilaren ofizio baten bidez, Instrukzio Militarraren Epaitegiaren beste ofizio baten berri ematen zen, adieraziz Telleria alkate kargutik erretiratzea ezarri zela. Kargua laga zuen alegatu bat eginez Udal askatasunarekiko errespetua exijituz eta udalari eskatuz "garaietako zailtasunei buru eginez" bere lanean jarraitzeko. Marcelino Bascaran jarri zuten haren ordez. Alkate kargugabetua grabadore-ofiziora itzuli zen. Dos de Mayon zeukan tailerrera, Faustina Agirre emaztearekin bizi zen etxe berean.

1931ko apirilaren 12an Primo de Riveraren diktaduraren osteko lehen udal hauteskun- deak egin ziren. Handik egun bira, 1931ko apirilaren 14an, II. Errepublika aldarrikatu zen Eibarren, eta bi egun lehenagora arte alkate izandako Timoteo Zubiatek Alejandro Telleriaren eskuetan laga zuen alkate-makila eta udal-gobernu berria sortu zen. Maiatzean, behin-behineko Gobernu errepublikarrak “Hiri guziz eredugarria” titulua eman zion Eibarri, erregimen berria aldarrikatu zuen lehenengo herria izateagatik. Indalecio Prieto Ogasun ministroak dekretua irakurri zuen Udaletxeko balkoitik.

Egoera politikoa tentsio handikoa zen: 800 langabe baino gehiago zeuden Eibarren, mobilizazioak jornalak handitzeko eskatuz... Euskadiko udalek dimititu egin zuten 1934ko irailean, eta gobernadore zibilek gestorekin ordezkatu zituzten. Hasieran, Telleriak ihes egitea lortu bazuen ere, beste eibartar batzuekin batera harrapatu eta Iruñako Ezkaba mendiko San Kristobaleko gotorlekura eraman zuten.

Telleria atzera ere alkate zereginetara bueltatu zen 1936an eta, frankistek 1937ko apirilaren 26an herria bonbardatu eta hartu zutenean, Eibarren zegoen. Prentsan berari buruz agertzen den azken erreferentzian agertzen da alkateak bilera batera deitu zituela orduko zinegotziak.

1938ko urrian berak eta Simon anaia txikiak bazuten Frantziara pasatzeko dokumentazioa, baina tropa frankistek autobusa geratu eta atxilotu egin zituzten.Burgosko gartzelara eraman zituzten. 1939ko abuztuaren 28an, Alejandro Telleria Burgoseko Ospitale Nagusira eraman zuten eta, bi hilabeteren ostean, urriaren 24an hil zen. Gero jakingo zuten, ospitaleko mojek esanda, bakarrik hil zela. Inork ez daki non dagoen lurperatuta.