De los Toyosek alkate izateari uko egin zion atzo egindako premiazko osoko bilkuran

0    Politika 
ETA KITTO ETA KITTO
De los Toyosek alkate izateari uko egin zion atzo egindako premiazko osoko bilkuran
ETA KITTO 2021, Mar 05

Premiazko ezohiko osoko bilkura egin zuen atzo eguerdian Udalbatzak, telematikoki, eta bertan Miguel de los Toyosek Eibarko alkate izateari uko egin zion. Eibarko alkate modura egin zuen azken hitzaldian, De los Toyosek alkate modura egin dituen 13 urteen inguruko balantzea egin nahi izan zuen: “Alkate baten zeregina proiektu estrategikoen alde lan egitea da, arreta ematea, gauza handiei eta txikiei garrantzi bera ematea. Hori izan da nire asmoa eta, batzuetan hobeto beste batzuetan okerrago, urte hauetan guztietan horretan ahalegindu naiz”.

Honezkero alkate ohia denak esker oneko hitzak ere izan zituen 13 urte hauetan Udaleko kide izan direnentzat: “Eskerrik asko nire familiari, eibartarrei, udal langileei, PSE-EEko militanteei eta gainerako udal taldeei. Nire konpromisoa beti izan da eta izango da Eibar. Nire herriaren alde, hazten jarrai dezan nire esku dagoen guztia egiten ahaleginduko naiz aurrerantzean ere, hori beti izango da lehentasuna niretzat. Inork ez dezala horretan zalantzarik izan”.

Miguel de los Toyos 2008ko maiatzaren 30ean izendatu zuten Eibarko alkate, Iñaki Arriolaren lekukoa hartu zuenean. Ondoren, hauteslekuetan hirutan, 2011n, 2015ean eta 2019an berretsi zuen alkate titulua. De los Toyosek alkatetzari uko egin dio, aurreko astean horren berri eman eta gero. Aurrerantzean Eusko Jaurlaritzan arituko da, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuorde karguan.

Datorren astean egingo den ezohiko udalbatzarrean Udaleko talde sozialistak Jon Iraola taldeko bozeramailearen hautagaitza aurkeztuko du, alkate berria bera izateko. De los Toyosek bere hitzaldiaren amaieran azpimarratu zuenez, “alkate ona izateko ezagutzak, gaitasuna, gogoa eta konpromisoa dituen pertsona da. Herria eta Udala esku onetan daude. Onenetan. Ziur nago”.

Udalbatzaren bideoa hemen daukazue:

Eibarko EAJ-PNVren adierazpenak

Bestalde, De los Toyosek kargua laga duela eta, Eibarko EAJ-PNVk horren harira adierazpenak egin ditu. 2019an jeltzaleen alkategaia izan zen Josu Mendicutek eskerrak eman dizkio De los Toyosi, “Udalean eman dituen 26 urteetan egindako lanarengatik”, baina Udala lagatzeak ez diela eibartarren beharrei erantzuten gaineratu du. Jeltzaleen iritziz: “Kapitainak ekaitzaren erdian laga du itsasontzia”. Mendicutek gogorarazi nahi izan dionez, “zu eta oposizioko alderdi politikoetako bozeramaileok bat gatoz, edo bat gentozen behintzat, Eibarri alkatetzatik zerbitzatzea baino harrotasun handiagorik ez egoteko sentsazioarekin. Hiria gidatzeko konpromisoa lau urterako konpromisoa hartu genuen”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »